GUTUNA

"Goraipamena zuri, Iñaki"

Ina Oiartzabal 2025eko azaroaren 7a

Hona hemen Ina Oiartzabalek Berriketan aldizkarira bidalitako eskutitza.

Aspaldian elkar ikusi gabe geunden eta zure agurraren berria tristura handiz hartu dut, benetan.

Zure familiakoen bitartez jakin dut azkenaldian herriaren erdialdera bizitzera etorrita zeundela, goizetan hondartza aldetik paseoak ematen zenituela eta hotelean kafetxoa hartzen zeunden bitartean egunkariak irakurtzen gustura egoten zinela. Pena ematen dit azken bolada honetan zurekin elkartu ez izanak.

Uztaileko Berriketan aldizkarian izan nuen zure berri azken aldiz. "Aipamena eta goraipamena Zuhatza Euskara Elkarteari" artikuluan garbi azaldu zenuen bezala, jada urte asko dira herritar talde batek, Debako euskararen egoeraz kezkaturik, Zuhatza Euskara Elkartea sortu genuela. Handik urtebetera, Berriketan herri aldizkaria jaio zen, eta urteak joan dira ohiturak berreskuratzen laguntzen, kultur emanaldiak eta hitzaldiak antolatzen, edota mintzapraktika taldeak osatzen.

Urte luzez ia asteartero elkartuz, zenbat bilera izan genituen? Zenbat eztabaida? Zenbat ilusio?... Ia hogei urte horietan, zu beti egon zinen hor, zu baino dezente gazteagoak zirenekin, seriotasunez, baina batez ere zure alaitasuna eta baikortasuna helarazten; euskararekiko eta euskal kulturarekiko zure maitasuna transmititzen.

Zaratarik atera gabe, isil-isilik eta umiltasun osoz joan zara. Gainera, kasualitatez, hain gogoko zenuen Euskal Jai egunean joan zara. Nire partetik, eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen, urte horietan guztietan Deban euskararen alde lanean zure bidelagun izateko aukera izateagatik.

Bukatzeko, lehenago aipatu nuen bezala, ea Debako herriak egunen batean merezi duzuen esker ona ematen dizuen zu eta Luxak Dorronso bezalako euskaltzaleei ikastolen aldeko mugimendutik hasi eta gaur egun arte (hirurogei urtetik gorako ibilbidean) euskaldunon ondare garrantzitsuenaren alde egin duzuen guztiagatik.