GUTUNA

"Euskeraz Bageraren egitaraua osatzeko proposamenik bai?"

Euskeraz Bagera egitasmoko talde eragilea 2025eko azaroaren 6a

Aurten bosgarren aldiz egingo da Euskeraz Bagera. Aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta antolatuko dugu, beste behin ere, egitasmoa. Zuhatza Euskara Elkarteak eta herriko hainbat taldek elkarlanean prestatutako egitaraua azaroko azken astean abiatu eta abenduko hirugarren astean amaituko da eta askotariko jarduerak aurreikusten dira programazioan.

Egitarauaren hasierako zirriborro bat osatzen hasi bagara ere, herriko eragile eta norbanako guztiak gonbidatu nahiko genituzke beren proposamenak egitera, eta, bide batez, ekimenean parte hartzera. Ekarpenen bat egin nahi dutenek azaroaren 16ra arteko epea izango dute horretarako; nahikoa da koordinatzailea@zuhatza.com helbidera idaztea edo 688 84 03 08 telefono zenbakira deitzea.