Debako Udalak gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten elkarteei zuzendutako 2025eko dirulaguntzen deialdia ireki du, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen inklusioa bultzatzeko, boluntariotza indartzeko eta herritarren arteko elkartasuna sustatzeko.
Deialdi honetara bideratutako dirulaguntza 4.000 eurokoa da, eta Deban edo Debabarrena eskualdean jarduera sozialak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkartei zuzenduta dago (betiere ekintzak Deban gauzatzen badira).
Aurkeztutako proiektuek bazterkeria, mendekotasun edo isolamendu arriskuan dauden kolektiboak babestera, artatzera edo gizarteratzera bideratuta egon beharko dute, baita boluntariotza, herritarren parte-hartzea eta gizarte-sentsibilizazioa sustatzera ere.
Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 6an amaituko da. Eskaerak Udaleko Erregistro Orokorrean edo udalaren egoitza elektronikoan (www.deba.eus) aurkez daitezke.
Erakunde eskatzaileek oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bereziki lehenengo eskaera bada edo beren egoeran aldaketarik egon bada. Informazio hori guztia udalaren webgunean dago eskuragarri.
Laguntzak emateko ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epean emango da. Laguntzak bi fasetan ordainduko dira: % 80 laguntza esleitzerakoan, eta gainerako % 20a azken memoria eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Dietak eta langile-gastuak ez dira diruz laguntzen.
Informazio gehiago eta oinarri guztiak Debako Udalaren webgunean kontsulta daitezke.