"Espektatibak, aldaketak, mugimendua… hori guztia eta hori besterik ez da bidea. Onartzen ditugu zalantzak eta beldurrak, onartzen gara zaurgarri. Onarpenaren ondorengo barne lasaitasun horretatik idatzi dugu kantua". Hitz horiekin aurkeztu berri du Neomak taldeak Esperantzak, aurten kaleratuko duen disko berriaren bigarren abestia.
Bistan dago taldeak bidea egiten jarraitzen duela eta "esperantzari ozen kantatzen" jarraitzeko asmoa dute. Azaldu dutenez, jakin badakite "zein garrantzitsua den beldurra emozio on gisa identifikatzea eta arriskuei dagokien tokia eta tamaina norberak ematea: ez gehiago, ezta gutxiago ere". Bada, gaineratu dutenez, "kaos honen erdian kantatzen jarraitzen dugu... mundua dantzan jarriko nuke jainkosa banintza..., bidean elkar zaintzen jarraitzen dugun bitartean".
Alaitz Escudero Unanue debarrak, Garazi Otaegi Lasartek, Irati Gutierrez Artetxek eta Leire Etxezarreta Learretak osatzen dute gaur egun Neomak. Nolanahi ere, aurreratu dute bide berrietarako "jende ona, loratzen ikusi nahi gaituen jendea" izango dutela bidelagun: "Eider Villalbaren tekla soinuen laguntzaz eta Etxahun Urkizuren erritmora egingo dugu dantza zuzeneko kontzertuetan".
Kanta berria Maitane Camposek zuzendutako bideokliparekin batera aurkeztu dute. Pau Brugada Vilà eta Vic Moliner Abos (Olivera Estudi) arduratu dira ekoizpen exekutiboaz eta grabaketaz. Lana Haritz Harreguy Studioan nahastu dute eta Ultramarinos-ek egin du masterizazioa.