2025-2026 ikasturteko hitzaldi sortari bihar (urriak 31) emango dio hasiera Arbil Elkarte Sozialak, Javier Buces historialariaren hizketaldiarekin. Kultur Elkartean egingo dute saioa, 11:00etan.
Sevillan jaio zen 1982an Javier Buces. Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, 2005ean, eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen 2021ean, Cum Laude aipamenarekin. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea da 2007tik eta ikerketa arkeologiko eta historikoko proiektuak garatzen aritzen da. Gaur egun, Aranzadi elkarteko Antropologia Saileko Memoria Historikoaren arloko arduraduna da.
Arbil Elkarte Sozialeko kideek aurreratu dutenez, Bucesek hainbat gai izango ditu hizpide biharko solasaldian, hala nola "Bigarren Errepublika eta Gerra Zibilaren hasiera (1936), Debako egunik gogorrenak, errepresioa eta beldurra, gerraostea eta frankismoa...". Hitzaldira bertaratzen direnek, gainera, parte hartzeko aukera ere izango dute.
Hitzaldia urriaren 3an egitekoak ziren arren, atzeratu egin behar izan zuten. Eta Arbil elkarteko kideek bertaratzeko deia egin diete herritarrei. Aipatu dutenez, Bucesek hitza hartu aurretik, hamar bat minutu lehenago gutxi gorabehera, Sebastian Lizaso bertsolariaren Gerra Zibilaren inguruko bideo labur bat ere proiektatuko dute Kultur Elkartean.
