Gipuzkoako binakako txapelak gutxigatik egin die ihes Iruleak klubeko palistei

Berriketan 2025ko urr. 31a, 09:34

Mugartegi eta Aizpuru azpitxapeldunen oroigarriak eskuetan hartuta. Argazkia: Iruleak

Txapela Villabonara joan zen arren, Iruleak taldeko kideak pozik azaldu ziren finalean egindako lanarekin eta, oro har, txapelketan erakutsi duten mailarekin.

Azken asteotan jokatu dute Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa eta bertan lehiatu direnen artean izan da, beste behin ere, Debako Iruleak Emakume Pilotariak kirol kluba. Jakinarazi dutenez, taldeko kideek gomazko paletako kategorian parte hartu dute, binakako modalitatean, emakumezkoen nagusi mailako 2. mailan.

Txapelketan lehen postuan gelditu ondoren, zuzenean sailkatu ziren aurreko larunbatean (urriak 25) Debako Aldats pilotalekuan jokatu zen finalean aritzeko. Amaia Aizpuruk eta Maite Mugartegik ordezkatu zuten herriko taldea —lesiotik sendatu ondoren, Maialen Rosa aritu zen botilero lanetan—, eta Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko Araitz eta Haizea Aldazabal ahizpak izan zituzten aurrez aurre. Final handia 30 tantora jokatu zuten.

Partida oso estua, parekatua eta gogorra izan zen. Gutxigatik bada ere, etxeko bikotea neurketa galtzen hasi zen eta markagailua pare bat aldiz berdintzea lortu zuen, baina azken txanpan bi tanto eskasengatik ihes egin zion garaipenak. Azkenean, 28-30 nagusitu ziren Behar Zana taldekoak, partida eta txapela bereganatuz.

Txapela Villabonara joan zen arren, Iruleak Emakume Pilotariak taldeko kideak pozik azaldu ziren finalean egindako lanarekin eta, oro har, txapelketan erakutsi duten mailarekin. "Ezin izan dugu txapela lortu, baina pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut. Txapelketa oso ona egin dugu eta zuzenean iritsi gara finalera", azaldu zuen Amaia Aizpuruk. Mugartegi taldekideak egindako lana ere goraipatu zuen: "Partida ona egin du atzetik. Pilota zailak eraman ditu eta ondo eutsi dio aurkarien erritmoari".