GUTUNA

"Debako Death Cafe taldea martxan da!"

Debako Death Cafe taldea 2025ko urr. 29a, 10:15

Argazkia: PNW Production

Hona hemen Debako Death Cafe taldeak Berriketan aldizkarira bidali duen idatzia.

Duela urtebete, Arimen Gaueko egitarauaren harira antolatu genuen lehenengo Death Cafe saioa, Manex Beristainek gidatuta, eta bertaratutakook dinamika honekin jarraitzeko beharra ikusi genuen; beraz, urtean zehar beste lau saio egin genituen.

Kultur Elkarteko liburutegian bi hilabetean behin elkartu izan gara kafe, infusio eta pasta goxoak tarteko. Hasierako bi saioak Manexen gidaritzapean egin genituen, baina hurrengoetan gure kasa aritu gara espazio hau zaintzen. Epairik gabeko gune honetan, hitz egiteko aukera dago, baina isilean egoteko aukera ere bai. Gure presentziak ematen dio indarra saioari.

Aurreko urtean hasitakoari jarraipena eman nahi diogu aurtengo ikasturtean ere, eta bi hilabetean behin Death Cafe saioak egingo ditugu, iazko formatu berean. Lehenengoa urriaren 30ean izango da, Arimen Gauaren egitarauarekin bat eginez. Gehienetan asteazkenetan bilduko gara, 18:00etan, eta saioek ordu eta erdi iraungo dute. Hitzorduren bat larunbat goiz batean egingo dugu, aukerak zabaltzeko asmoz.

Bertan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da izena aldez aurretik ematea, ez baita komeni saio bakoitzean 20 pertsona baino gehiago egotea. Hauek dira izena emateko bideak: Instagramen (Deathcafe_deba), deathcafedeba@gmail.com helbidera idatzita, eta 655 73 44 87 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezua bidalita.

Zuek ikusteko esperoan gaude...