Film emanaldia eta Death Cafe saioa izango dira gaur eta bihar Arimen Gaueko egitarauaren baitan

Berriketan 2025ko urr. 29a, 10:40

Death Cafe saioak edukiera mugatua duenez, izena ematea ezinbestekoa dela gogorarazi dute antolatzaileek.

Aurrera jarraitzen du Arimen Gaua Deban ospatzeko egitarau bateratuak. Ekimen berezia ospatzeko atzera kontaketan sartuta, beste bi ekintza iragarri dituzte egunotarako. Gaur (urriak 29), esaterako, Napardeath filma proiektatuko dute eta, bihar (urriak 30), berriz, Death Cafe saioa antolatu dutela jakinarazi dute.

Film emanaldia 19:00etan izango da eta, antolatzaileen esanetan, komedia kutsua duen 47 minutuko Napardeath euskal zonbie filma ikusteko aukera izango da. Beñat Iturriozek zuzendutako film laburra, hain zuzen, Ataun of dead trilogiaren azkena da. 

Bihar (urriak 30), berriz, Death Cafe saioa izango da, 18:00etan, Kultur Elkarteko liburutegian. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, heriotzari buruz "errespetuz" hitz egiteko espazio seguru bat izango da, eta bertaratu nahi duten herritar guztiak gonbidatu dituzte. 

Iragarri dutenez, saioak edukiera mugatua izango du; beraz, aldez aurretik izena eman beharko dela gogorarazi dute. Parte hartu nahi dutenek 655 73 44 87 telefonora deitu edo idatzita izena eman dezakete.