Etxebizitza Sindikatuak doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsalaren aldeko eguna antolatu du larunbaterako

Berriketan 2025ko urr. 21a, 08:39

Hitzordua urriaren 25ean izango da eta goiz-eguerdi osoko egitaraua prestatu dute: ipuin kontalarien saioa, asanblada irekia eta jaki dastaketa izango dira tartean.

Doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsalaren aldeko eguna iragarri du Debako Etxebizitza Sindikatuak larunbaterako. Taldekideek azaldu dutenez, "lan sindikalaz haratago joan eta oinarri sozialarekin saretu eta gaia lantzeko asmoarekin" antolatu dute ekimena. Izan ere, beren esanetan, "sindikatuak boluntarioen lanari esker funtzionatzen du eta, lan teknikoaz gain, ezinbestekoa du tokian tokiko babesa eta ekarpena borroka ezberdinek arrakasta izan dezaten".

Bide horretan, eta "komunitatea indartu asmoz", antolatu dute, hain zuzen ere, larunbateko ekimena. 

11:00etan hasiko da egitaraua, ipuin kontalariek Foruen plazako arkupeetan egingo duten saioarekin. Eta 12:00etarako asanblada irekia deitu dute estalitako pasealekuan. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, asanblada irekia izango da egitarauko "puntu interesgarriena"; bertan, "etxebizitzaren problematikaren oinarriak eta sindikatuaren nondik norakoak zein etorkizuneko asmoak ezagutzeko aukera izango da". Egitaraua biribiltzeko, bestalde, 13:00etan jaki dastaketa egingo dute estalitako pasealekuan eta bertaratzen direnek lurralde ezberdinetako janaria dastatzeko aukera izango dutela aurreratu dute.

Aldi berean, sindikatuaren postu informatiboa jarriko dute goiz osoan zehar.

Egitaraua HEMEN ikusgai.