Gidoilaria, umoregilea eta aktorea da Yunez Chaib. Azken urteotan RTVEko 'La Revuelta' saioan kolaboratzaile izateagatik ezaguna egin den arren, stand up formatuko bakarrizketak egiten eskarmentu handia duen umoregilea da.
Bere bakarrizketa berriarekin bira egiten dihardu eta azaroaren amaieran hiru geldialdi egingo ditu Euskal Herrian: hilaren 27an Debako Kultur Elkartean ariko da, 29an Gasteizko Jimmy Jazzen eta 30ean Bilboko Campos Eliseos aretoan.
Bazkideentzako sarrerak
Sarreren erdiak Kultur Elkarteko bazkideentzat erreserbatu dituzte eta gaur (urriak 21) izango dute horiek eskuratzeko aukera, 18:30etik aurrera Kultur Elkartean bertan. Sarrerak 12 euroko prezioa izango du eta bazkide bakoitzak bi sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Ekitaldiak izan dezakeen "harrera beroa" aurreikusita, gaur sarrerak erostera "garaiz" agertzeko gomendioa egin dute antolatzaileek.
Online salmenta
Kultur Elkarteko bazkide ez direnek Internet bidez erosi ahal izango dituzte sarrerak, 16 euroan. Datozen egunotan jarriko dute erabilgarri sarrera horiek eskuratzeko esteka.