Bihar (urriak 23) Bullying-egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu hitzaldia emango dute Debako Agirre jauregiko Ispiluen gelan, 18:00etan, bullying-ari aurrea hartzeko eta gazteentzako ingurune seguruak sortzeko helburuz. Ekitaldia Treba Gurasoak programaren baitan eskainiko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak gurasoen eskura jarri duen doako prestakuntza-ekimenaren baitan, alegia.
Hitzaldia Ortzadarrek emango du, eskola jazarpenaren prebentzioan espezializatutako erakundeak, eta bullying portaerak murrizteko tresnak eta baliabideak ematea du helburu, haurrentzat eta nerabeentzat giro seguruak eta errespetuzkoak sortzea sustatuz.
Hizketaldia haurren zein nerabeen gurasoei zuzenduta dago, baita haien gizarte-ingurunean espazio seguruak sortzearen garrantzia ezagutu nahi dutenei ere. Informazio gehiago jasotzeko interesa duten pertsonek gazteriakirola@deba.eus edo kultura@deba.eus helbideetara idatzi edo 943 19 28 40 telefono zenbakira deitu dezakete.