Aldaketa puntualak Debako autobus geralekuetan, Iberdrolaren transformadorearen lekualdaketaren harira

Berriketan 2025ko urr. 20a, 09:35

Gaurtik (urriak 20) aurrera, geltoki zaharreko autobus geltokia aldi baterako kenduko dute (lanek irauten duten bitartean) eta aldaketak egongo dira DB03, DB04, DB05 eta DB06 lineen geltokietan; horien geldiuneak Hondartza kalera eta geltoki zaharraren parera lekualdatuko dituzte.

Gudarien plazan dagoen Iberdrolako transformadorea lurpetik atera eta geltoki zaharrera lekualdatzeko lanen ondorioz, urriaren 20tik aurrera aldaketa puntuala egingo da gaur egun geltoki zaharrean dagoen autobus geralekuan. Debako Udalak ohartarazi bezala, aldaketa horrek Debatik igarotzen diren autobus-linea desberdinei eragingo die.

Esate baterako, gaurtik aurrera DB03 (Lekeitio-Donostia) eta DB05 (Mutriku-Zumaia) autobus-lineek geldialdi alternatibo bat egingo dute Hondartza kaleko 11. zenbakian, baina aipatutako ibilbideetan bakarrik, hau da, Lekeitiotik Donostiarako noranzkoan (DB03) eta Mutrikutik Zumaiarako noranzkoan (DB05). Alderantzizko ibilbidean, hau da, Donostiatik Lekeitiora (DB03) edo Zumaiatik Mutrikura (DB05), geltoki zaharraren parean egingo dira geldialdiak.

Bestalde, DB04 eta DB06 lineek geltoki zaharraren parean egingo dute geldiunea.

Aldaketak Amillaga kalean ere

Horrez gain, autobusen zirkulaziorako beharrezkoak diren maniobrak direla eta, Amillaga kalean, hilerri zaharraren ondoan dauden aparkalekuak eta bertako plaza txikian daudenak ere aldi baterako kenduko dituzte. Espazio hori autobusek buelta eman ahal izateko erabiliko da, inguruko trafikoaren arintasuna eta segurtasuna bermatuz.

Udalak adierazi bezala, aldaketa puntual horien helburua segurtasuna bermatzea eta obrak erraztea da. Eta garraio publikoa erabiltzen duten pertsonei jarraibide berriei kasu egitea gomendatu diete. Bide batez, Udalak herritarren laguntza eskertu du, eta obrekin lotutako edozein aldaketa berriren berri emateko konpromisoa berretsi du.