GUTUNA

"Zubelzu zinemaren erosketaren prozedura atzeratzea eta gai honen lanketarako batzorde bat eratzea eskatzen diogu Udalari"

Debako kultur eragileak 2025ko urr. 16a, 09:00

Udalak Zubelzu zinema erosiko duela iragarri ondoren, herriko hamar kultur taldek adierazpen bateratua kaleratu dute. Ondorengo eragileek sinatu dute idatzia: Aitzuri Abesbatza, Debadezine, Debako Kontalariak, Debako Kultur Elkartea, Debako Musika Banda, Debarock Kolektiboa, Goaz Antzerki Taldea, Gure Kai EDT, Jazzez Blai eta Zuhatza Euskara Elkartea.

Azken egunotan Debako Udalak Zubelzu zinema zaharra erosiko duela zabaldu du hainbat bidetatik. Debako kultur eragileok harriduraz eta kezkaz jaso dugu albiste hau. Izan ere, azken urte hauetan asko gara kulturgunearen eta herriko taldeen beharrei erantzungo dien proiektu baten inguruko lanketan ari garen herriko eragileak. Azken hilabete hauetan, gainera, herriko eragileen barne-egoeraren diagnostikoa egin eta bakoitzaren behar teknikoak aztertu ditugu. Gauzak horrela, kulturgunearen arazoari irtenbide bat emateko prozesu bat irekitzeko asmoz, Udalarekin jarri ginen harremanetan eta hasitako bide hau jorratzeko laguntza teknikoa eskatu genion.

Udalaren hasierako jarrera baikorra izan zen, guk proposatutako guneak (Kultur Elkartearen eraikina eta zumardiko kioskoa) teknikoki aztertzeko eskariari (aparejadore zein arkitektoen ikuspegitik) baiezkoa eman zion. Gauzak horrela, Udalak izendatutako talde teknikoari aipatutako guneak erakusteko hitzordu bat adostu genuen. Hitzordu horretara, ordea, ez zen eraikinaren azterketa teknikoa egin zezakeen langilerik etorri (Donostiako kultur jardueretako bi teknikari etorri ziren, ez zen arkitektorik etorri). Hortaz, gure eskakizuna ez zen bete. Ondorioz, email bat bideratu genion alkateari, egindako azterketak baliorik ez zuela azalduz eta guneak baloratzera etorri ziren langileen txosten teknikoa gurekin partekatzeko eskatuz. Gainera, herriko eragileekin gardentasunez jokatze aldera, Udalak esku artean zituen beste gune aukerei buruzko informazioa emateko ere eskatu genion. Gaur-gaurkoz, mezu horrek ez du erantzunik jaso eta erantzunaren zain jarraitzen dugu.

Aipatutakoa kontuan hartuta, Udalak horrelako erabaki garrantzitsu bat aldebakartasunez eta lanketarik gabe hartu izana salatu nahi dugu. Kultur Mahaiak egindako lana ez da aintzat hartu eta herriko kultur eragileak gutxietsita sentitzen gara.

Bestalde, harrigarria dirudien arren, maila teknikoan kontuan hartu ez diren hainbat elementu daudela iruditzen zaigu eta, hortaz, zalantzan jartzen dugu gune honek eragileon beharrak asetzeko balio ote duen.

1- Aretoaren formatua.
Aretoa zinema proiekziorako prestatuta dago eta ez beste arte-disziplinetako emanaldietarako. Zubelzu “zinema klasiko” moduan katalogatuta dago eta moldatzeko zailak diren (edo zuzenean moldatu ezin daitezkeen) hainbat elementu ditu (ondorengo lerroetan agertzen den informazio teknikoa 2019an Kultur Mahaiak udal aparejadorearekin egindako azterketatik ateratako datuak dira).

1.1. Goiko harmaila: zinema pantaila ikusteko soilik dago pentsatua (ez dauka aldaparik) eta, horrenbestez, goiko harmailatik ez da eszenatokia ikusten. 
 
1.2. Eserlekuak: Egungo eserlekuak mantenduz gero guneak formatu bakarreko ekitaldietarako bakarrik balio du.
 
1.3. Eszenatokia: Aretoak berez duen eszenatokia ez dago ekimenetarako pentsatua (12x1 metroko eszenatokia du. Ekimenetarako eszenatoki gehigarria muntatzen zen, lehenengo lau ilaren edukiera galduz).
 
1.4. Edukiera: Edukiera oso mugatua du.
 
1.5. Irisgarritasuna: Sarreratik bertatik arazoak daude mugikortasun urriko pertsonentzat; ez dago sarbide egokiturik, eta komunak zein aldagelak ere ez daude eskuragarri (lehen solairuan daude eta ez dago igogailurik). Horrek esan nahi du obra esanguratsuak egin behar direla espazioa herritar guztientzat benetan erabilgarri bihurtzeko.
 
1.6. Instalazioak: Jabetza eskuratzeaz haratago, bestelako azpiegitura inbertsio batzuk aurreikusi gabe daude (aldagelak, soinu eta argiztapen ekipoak, eszenatokia, berogailu eta aireztapen sistemak, insonorizazioa…). 1.100.000 euroko aurrekontuarekin ezinezkoa da eraikina erostea eta behar dituen egokitzapenak egitea.
 
2- Gunearen kudeaketa eredua.
Zein izango da herriko eragileen rola kulturgune berrian? Gunearen kudeaketa ereduaren inguruko lanketa partekaturik ere ez da egin. Nola bermatuko da eragileen eta herritarren parte-hartzea gune berrian?
 
Hau guztia esanda, gure ustez Udalak gune hau erosteko egin duen apustua itsuan hartutako erabakia da (maila teknikoan egin behar diren hainbat egokitzapen kontuan hartu gabe, besteak beste). Horregatik, elkarte sinatzaileok Zubelzu zinemaren erosketaren prozedura atzeratzea eta gai honen lanketarako batzorde bat eratzea eskatzen diogu Udalari.
 
Ezinezkoa da herriko eragileen “behar historiko” honi irtenbidea ematea gure beharrak eta gure iritzia zeintzuk diren jakin gabe. Ezinezkoa da gune komunitario bat sortzea herritarren parte hartzerik eta gardentasunik gabe.
 
Herriko kultur eragilerik gabe ez dago kultur dinamikarik.