Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak beste saio bat egingo du bihar, urriaren 14an. Bertan, Alba de Cespedes idazlearen El cuaderno prohibido (Seix Barral, 2022) liburua aztertuko dute, Ainhoa Aldazabalen gidaritzapean. Saioa gaztelaniaz izango da.
Antolatzaileek azaldu bezala, hilabete honetarako hautatutako lana emakumeak zapaltzen dituzten konbentzio sozialei buruzko hausnarketa sakona da, berrogeita hamarreko hamarkadako Italian girotua. "Istorioa Valeria Cossatirena da. Emaztearen eta amaren rol tradizionaletan harrapatuta, autoaurkikuntza prozesu bati aurre egin behar dio koaderno beltz txiki batean idaztearen bidez. Eleberrian zehar, protagonistak bere nahi erreprimituak, zapuztutako nahiak eta ezkutuko erresuminak erakusten ditu, eta, azkenean, ustekabeko erabaki bat hartzera eramaten du, irakurlea sakon hunkituko duena".
Debako Udalaren esanetan, biharko saioa "aukera bikaina izango da obrari buruzko iritziak partekatzeko, haren gai sakonenak aztertzeko eta gaur egun oraindik ere gizartean garrantzitsuak diren errealitateei buruz hausnartzeko". Horiek horrela, herritarrak gogoetarako eta elkarrizketarako gune horretan parte hartzera gonbidatu ditu.