Geoparkeen Estatuko Sarearen jardunaldi irekietan hartuko du parte Euskal Kostaldeko Geoparkeak

Berriketan 2025ko urr. 13a, 10:29

Iaz Granadan egin zuten topaketako irudia. Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Urriaren 14tik 16ra Catalunya Central geoparkean, Montserraten (Bartzelona), Hezkuntza, geologia, geoparkeak izenburupean egingo diren Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen X. Jardunaldi Irekietan aktiboki parte hartuko duela jakinarazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Bertan izango dira, besteak beste, Deba, Mutriku eta Zumaiako udal ordezkariak ere.

Geoparkeetako ordezkariak, adituak, hezitzaileak, kudeatzaileak eta tokiko komunitateak biltzen dituen urteroko topaketa dira jardunaldi hauek. Antolatzaileek gogorarazi bezala, "ezagutzak eta esperientziak trukatzea, lankidetza indartzea, kudeaketa hobetzea eta ekimen bateratuak bultzatzea" dira helburu nagusiak. Aurtengo edizioak hezkuntza nabarmentzen du geoparkeen funtsezko ardatz gisa, eta ikaskuntza- eta dibulgazio-gune gisa betetzen duten eginkizuna nabarmendu nahi du. "Hezkuntza-programa berritzaileen bidez, tokiko komunitatearen parte-hartzea eta ingurumen-kontzientzia arduratsua sustatzen dira eta gizarte erresiliente eta arduratsu bat eratzen laguntzen da, egungo eta etorkizuneko erronketarako hobeto prestatuta egoteko asmoz", azaldu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Bada, Deba, Mutriku eta Zumaiako udaletako ordezkaritza bat, Alazne Txurruka, Ainhize Azpiazu eta Iñaki Ostolaza alkateak buru direla; hiru herrietako hainbat ikastetxetako ordezkariak; Geoparkearen erakunde laguntzaile batzuk (Geoparkezaleak) eta Geoparkeko teknikariak Bartzelonara joango dira topaketan parte hartzera. Gainera, Gonzalo Torre Geoparkeako Ingurumen koordinatzaileak Geoeskolak: flyscharen hezkuntza-eskaintzatik Geoparkearen hezkuntza-eskaintzara hitzaldiarekin parte hartuko du bertan.

Egitarau trinkoa

Jardunaldien inaugurazio-saioak hiru bloke izango ditu (Hezkuntza formala geoparkeetan, Klimaren eta jasangarritasunaren erronketarako hezkuntza geoparkeetan eta Hezkuntza-interpretazioa eta -berrikuntza ikasgeletako geologian) eta lurraldeko hezkuntza-komunitate osoari, tokiko eragileei eta Geoparkeen Estatuko Sareko kideei irekita egongo da, Geoparkeek hezkuntzan duten zereginari buruzko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Topaketa Unescok Lurraren eta Geoparkeen Zientzien Nazioarteko Programa izendatu zueneko hamargarren urteurrenarekin eta Europako Geoparkeen Sarea sortu zeneko 25. urteurrenarekin bat dator, eta Montserrateko Milurtekoaren ekitaldien barruan dago.

Aurreratu dutenez, jardunaldi irekietan, jendaurrean aurkeztuko dute Unesco Geoparkeen Elkarte berria, proiektu bateratuetan eta Geoparkeak markaren ikusgarritasunean aurrera egiteko tresna gisa sortua.