Aurreikusi bezala, 11:00etan abiatu ziren Deba-Palestina Elkartasun Eguneko ekimenak. Ordu horretatik aurrera, Deba-Palestina Herri Ekimeneko kideak askotariko materiala saltzen ibili ziren Plaza Zaharrean egin zen VII. Elkartasun Azokan.
Ondoren, Palestinaren gaia ardatz hartuta, ipuin kontaketak izan ziren eliz atarian. Talde lanak duen garrantziaz jabetzeko, Ipuin Kontalariek Igeritz arrainaren istorioa kontatu zieten haurrei eta, bukaeran, arrain itxurako Palestinako bandera bat margotu zuten bertaratu zirenek, hainbat mezurekin batera. Helduei, berriz, Qissat Palestinako emakumeen ipuinak liburuko bi kontakizun irakurri zizkieten, baita azken literatur lehiaketan irabazle suertatu zen lan bat ere. Plaza Zaharretik ibili zirenek, gainera, falafela dastatzeko aukera izan zuten; arrakasta handia izan zuten kroketa arabiarrek.
Txalo artean
15:00etan herri bazkaria izan zen pasealeku estalian. Rouhaifa Kassem artista palestinarrak, haren senarrak eta zeinbat boluntariok prestatutako Maklubia —Palestinako jaki tradizionala, barazki, arroza eta haragia geruzatan prestatzen den platera— izan zen protagonista nagusia menuan.
Zerbitzatu aurretik, ohiturei eutsiz, txalo artean ospatu zuten platera irauli ondoren hura aurkezteko unea. Zeremoniak emozio eta jakin-min berezia piztu zuen bertaratuen artean.
Arratsaldean, berriz, musikak hartu zuen lekukoa: Gazako Sol Band izan zen gonbidatu nagusia, eta Kultur Elkarteko plazatxoan herriko hainbat musikari ere aritu ziren, hala nola Aitor Huergo, Hector Aldalur, Pablo Garmendia, Andoni Viñaras, Arramazka eta Debako Jazz Konboa.
Balorazio "positiboa"
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreikuspen guztiak gainditu zituen larunbateko jaialdiak. Balorazio “positiboa” egin dute, herritarren erantzuna “zoragarria” izan dela azpimarratuz. "Eguraldia lagun, giro bikaina izan zen nagusi. Oso pozik gaude, dena aurreikusi bezala irten baitzen. Herriko hainbeste taldek eta norbanakok lagundu digute hau dena aurrera ateratzen... eskerrik asko, benetan, guzti-guztiei".
Eskerrak emateko garaian, aipamen berezia egin diete Rouhaifa Kassem eta haren familiakoei. "Horiei ere eskerrak eman nahiko genizkieke. Hona etorri eta lana besterik ez zuten egin. Bazkari horrekin, aurrez jaso zuten maitasuna eskertzera zetozela suposatzen zen, baina, alderantziz, gu gaude haiekiko esker onez. Eta, nola ez, Sol Band-ekoei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Berez, formatu txikian aritu behar ziren, baina azkenean kontzertu bat ematea erabaki zuten; eskertzekoa da egin zuten ahalegina".