Hecetu Welo taldeak bere lehen diskoa kaleratu du

Berriketan 2025ko urr. 10a, 08:58

Hamabi kantekin osatu dute taldearen izen bera daraman lehen lana. 50 minutu inguruko iraupena duen diskoa plataforma digitaletan entzungai dago.

Oholtzarik oholtza ibili ondoren, Pablo Berrizbeitia debarrak (ahotsa eta gitarra), Iker Zubizarretak (gitarra), Iasnaia Arrutik (teklatuak), Ignacio Polo-Palauk (baxua) eta Nacho Campok (bateria) osatzen duten Hecetu Welo boskoteak bere lehenengo disko homonimoa kaleratu berri du: Hecetu Welo.

Taldekideek azaldu dutenez, Debarockeko lokaletan grabatutako hamabi kantu bildu dituzte diskoan. "Gu geu arduratu ginen horretaz", adierazi dute. Gaineratu dutenez, aurreko bateria-jotzaileak, Aitor Etxagibelek, grabatu zituen diskoko bateriak. 50 minutu pasatxoko emaitza, berriz, Amorotoko Musikorta estudioan ekoiztu dute. 

Taldearen izen bera daraman lehen bilduma entzungai dago plataforma digital guztietan. Dena den, zuzeneko batzuk ere lotuta dituzte jada: iragarri dutenez, azaroaren 29an Arrasateko Gaztetxean emango dute hurrengo kontzertua.