Urteak hegan joan dira eta bat-batean Animadebaren 18. ediziora iritsi gara. Festibala heldu bilakatu da eta 18 urteko ibilbidea betetzea benetan hunkigarria da guretzat.
Festibalaren lehen urteak mostra moduan antolatu ziren: animazioaren mundura hurbiltzeko lehen pausoak xumeak izan ziren, baina ilusioz beteak. 2019an, ordea, jauzi handia eman genuen: nazioarteko film laburren lehiaketa sortu genuen eta horrek Animadebaren izaera erabat sendotu zuen.
Ez da bide erraza izan. Hala ere, gure jaialdia ezinbesteko hitzordu bihurtu da, animazioaren nazioarteko panoraman bere tokia hartuz eta Deba mapa kulturalean kokatuz.
Bidean festibal asko desagertu dira edo desagertzear daude, baina gureak, zorionez, bizirik dirau. Ez da ahaztu behar bizi dugun testuingurua: VOD plataformen garaian, ez da erraza publikoa zinema aretoetara erakartzea, eta are gutxiago karpa batean antolatutako animaziozko emanaldietara etorraraztea. Horregatik, Debako herritarrak eskertu nahi ditugu: haien babesari esker mantentzen da jaialdia eta haien laguntza da gure lanaren oinarria.
Parte-hartze handiagoa
Urtez urte, gero eta film labur gehiago jasotzen ditugu. Batzuk Annecy bezalako jaialdi garrantzitsuetan aurkeztuak izan dira. Halako lanak gure programazioan izatea ohore handia da; Sitges edo Zinebi bezalako festibal handien aurretik estreinatzea aukera paregabea da eta harrotasun iturri bihurtzen da.
"Amets handia litzateke nazioarteko eredu arrakastatsuetan oinarritutako profesionalentzako merkatu bat antolatzea, baina gure neurrian"
Aurten, lehen aldiz, Oscar saridun bat ere izan dugu gure artean: Michael Dudok de Wit. Haren presentziak dimentsio berezia eman dio festibalari, baina hori mugarri handia izan bada ere, gurean izan ditugun beste zinemagile handiak ere ezin ditugu ahaztu. Festibalak, gainera, nazioarteko gonbidatu bereziak izan ditu urtez urte, hala nola Animest, Interfilm Festival eta Animateka. Aliantza horiek funtsezkoak dira gure proiektua indartzeko eta aukera paregabea eskaintzen digute gure mugetatik harago Animadebaren izena zabaltzeko.
Heldutasunera iritsita, Animadeba animazioaren industriaren merkatu gisa irudikatzen dugu etorkizunean. Amets handia litzateke nazioarteko eredu arrakastatsuetan oinarritutako profesionalentzako merkatu bat antolatzea, baina gure neurrian.
Ezin dugu artikulu hau eskerrak eman gabe amaitu. Urtez urte gure ondoan egon diren guztiei zor diegu jaialdia aurrera ateratzea. Eskerrak Debako Udaleko kide guztiei ere, sorreratik erakutsi duten konfiantza eta babesagatik. Era berean, ezin aipatu gabe utzi EITBk egiten duen zuzeneko emisioa. Hedapen horri esker, Animadebaren edukiak Debako karpatik harago heltzen dira.