Deba-Palestina Herri Ekimenak antolatutako Elkartasun Eguna ospatuko dute larunbatean

Berriketan 2025ko urr. 9a, 11:56

Lurralde palestinar okupatuari babesa adierazteko helburuarekin, ekitaldi ugariz osatutako egitaraua prestatu dute: azoka solidarioa, ipuin kontaketak, falafel dastaketa, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Iragarri dutenez, bazkarirako txartel guztiak jada agortuta daude.

Deba-Palestina Herri Ekimeneko kideak aspalditik ari dira Palestinaren aldeko elkartasun ekintzak sustatzen eta, lurralde okupatuari babesa adierazteko asmoz, Elkartasun Eguna ospatuko dute bigarrenez larunbatean (urriak 11). "Lehenengo jaialdia egin ondoren, gatazka honek iraun bitartean horrelako ekimenak egiten jarraituko genuela erabaki genuen", adierazi dute.

Egun horretan, hain zuzen, garapenerako lankidetzaren jardunaldiekin batera antolatu izan den azoka solidarioa egingo da 11:00etatik 14:00etara Plaza Zaharrean eta, hori aprobetxatuz, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa helburu dituen hitzordua bigarrenez antolatzea erabaki dute herri ekimeneko kideek. "Gure jaialdia azokaren baitan txertatzea ideia ona zela iruditu zitzaigun", gaineratu dute.

Aurtengoan ere, adin guztietako pertsonei zuzendutako ekintza sorta prestatu dute. Egitaraua 11:00etan hasiko da. Ordu horretatik aurrera, Plaza Zaharrean jarritako postuan, herri ekimeneko kideak eta boluntarioak banderak, poltsak eta txapak saltzen ariko dira. 12:30ean, berriz, falafel dastaketa izango da leku berean. 

Elkartasun eta jai giroko egitarauaren barruan, Palestinaren gaia ardatz izango duen ipuin kontaketa egingo dutela ere iragarri dute antolatzaileek. "Hasierako egitarauan agertu ez arren, eguerdi partean izango da hitzordua, eliz atarian. Ipuin kontalariek haurrentzat zein helduentzat ipuin bana kontatuko dute: 12:00etan izango da haurren txanda eta 13:00etan helduena", azaldu dute.

Plaza Zaharretik harago

Aurtengo jarduerak ez dira Plaza Zaharrean soilik ospatuko. Estreinakoz egingo duten herri bazkaria, adibidez, pasealeku estalian izango da. Janari palestinarrez osatutako menua eskainiko dute bertan eta 100 lagunek parte hartuko dute otorduan. Ohartarazi dutenez, txartel guztiak agortuta daude. "Bi egunez aritu ginen txartelak plazan saltzen eta Sasoikon eta Ieraenean ere utzi genituen; guzti-guztiak amaitu dira", esan dute. 

Herri bazkaria 15:00etan izango da. Antolatzaileek aitortu dutenez, maiatzean Deban erakusketa jarri zuen Rouhaifa Kassen artista eta aktibista palestinarraren ideia izan zen otordua prestatzea. "Deban oso gustura egon zen; harrera bikaina izan zuen eta pertsonalki jaso zuen tratuarekin ere oso pozik geratu zen. Esker ona nolabait bueltan adierazi nahi zuela esan zigun, bazkari baten bidez, adibidez, kozinatzea oso gustuko duelako".

Ideia horretatik abiatuta, azoka solidarioaren baitan Elkartasun Eguna antolatzea eta egitarauaren barruan bazkari herrikoia txertatzea egoki ikusi zuten antolatzaileek. "Rouhaifa bera, bere senarra eta familiako kideak arduratuko dira herri bazkaria prestatzeaz, herriari esker ona adierazteko helburuz". 

Kontzertuak

Eguneko proposamenekin amaitzeko, kontzertuak izango dira 18:30etik aurrera Kultur Elkartean. Gazako Sol Band musika taldea izango da gonbidatu berezia. "Hitzaldi musikatua eskainiko dute formatu txikian eta, haiekin batera, herriko hainbat musikari eta talde izango dira oholtza gainean: Aitor Huergo;  Hector Aldalur, Pablo Garmendia eta Andoni Viñaras; Arramazka eta Debako Jazz Konboa, besteak beste". 

Bestalde, garapenerako lankidetzaren jardunaldien barruan, igandean (urriak 12), 19:00etan, No other land Palestinari buruzko dokumentala ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Kultur Elkartean izango da hitzordua, Debadezineren eskutik.