Ekainean ekin zieten prestaketa lanei, Kultur Elkartean egin zuten batzar irekiaren ondoren, eta irailean aurkeztu berri dute aurten antolatutako programazioa.
Talde eragileko kideek nabarmendu bezala, "iaz harrera beroa izan zuen elkarlanean, herrian eta herriarentzat antolatu genuen egitarau zabalak eta pozik gaude gure lanak emandako fruituarekin. Aurtengoan ere, ildo beretik jarraituz eta hobetzeko bidean aldaketa txiki batzuk eginez, Arimen Gaua ospatzera goaz; hilerritik irten eta kalabazek argitzen diguten bidea jarraituko dugu".
Bada, bihar (urriak 8) abiatu eta azaroaren 2an amaituko dira ospakizunaren baitan prestatu dituzten ekintzak —ekimen nagusia urriaren 31n egingo dute—. "Euskara, komunitatea, parte-hartzea, natura, berdintasuna, aniztasuna eta izaera" bezalako baloreak oinarri hartuta, adin ezberdineko herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte; besteak beste, hitzaldiak, ipuin kontaketa saio berezia, eskulan tailerrak, film emanaldia edota Death Cafe saioa izango dira aukeran.
EGITARAUA
- Urriak 8, asteazkena
- 18:30. Hitzaldia: 'Gure aitona-amonek Halloween ospatzen zuten', Kultur Elkartean. Hizlaria: Oier Araolaza dantzaria eta antropologoa (Dantzan elkarteko kidea).
- Urriak 12, igandea
- 17:30. Ipuin kontaketa, Ispiluen gelan, Debako Kontalarien eskutik.
- Urriak 16, osteguna
- 18:30. Hitzaldia: 'Heriotzari begirada bat doluaren akonpainamendutik', Kultur Elkartean. Hizlaria: Manex Beristain barretarapeuta eta heriotzaren pedagogian aritua.
- Urriak 23, osteguna
- 18:00. Eskulan tailerra, Kultur Elkarteko liburutegian.
- Urriak 25, larunbata
- 13:00-15:00. Txapa salmenta eta kalabaza apustua, Foruen Plazan.
- Urriak 28, asteartea
- 18:00. Eskulan tailerra, Kultur Elkarteko liburutegian.
- Urriak 29, asteazkena
- 19:00. Zinema: 'Napardeath', Kultur Elkartean.
- Urriak 30, osteguna
- 17:00. Arimen sukaldea, Gaztelekuan.
- 18:00. Death Cafe saioa, heriotzaz hitz egiteko espazio segurua, Kultur Elkarteko liburutegian.
- Urriak 31, ostirala. Arimen Gaua
- Herriko eragileen eta norbanakoen artean antolatutako ekimen berezia.
- Azaroak 1-2
- 11:00. Beldurraren Etxea, Gaztelekuan.