Gipuzkoako basoen garrantzia bizikletaren bidez herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, BSTK Basotik Fundazioak I. Basotik Txirrindulari Festa antolatu du, Euskadi Fundazioa eta Laboral Kutxa Team taldeetako emakumezko txirrindulari profesionalen eta Euskadi Fundazioaren 23 urtez azpiko taldeko txirrindularien parte-hartzearekin. Natura eta komunitatea batzen dituen jaialdi herrikoia datorren urriaren 25ean izango da, Debako zumardian, eta gazteen zein txirrindularitza zaleen parte-hartzea espero da.
Aurreko ostegunean (urriak 2) aurkeztu zuten ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan eta, antolatzaileen esanetan, basoak eta txirrindularitza uztartuko dituen festa egun bat izango da. Azpimarratu dutenez, lehenengo edizio honen helburua da Gipuzkoako eta bertako landa-inguruneko basoei bizikletaren bidez balioa ematea, "formatu irisgarrian, ez lehiakorrean eta publiko orori zuzenduta".
Alazne Txurruka Debako alkatea ere aurkezpenean izan zen eta nabarmendu zuen Debarentzat "ohore bat" dela Basotik Txirrindulari Festaren lehen edizioa hartzea. "Kirola, natura eta komunitatea batuz, gure basoei eta ingurune naturalari balioa emateko ekimen bat da. Horrelako ekimenek bizi-ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatzen dituzte, eta kirolaz gozatzen dugun bitartean ingurumena zaintzearen garrantzia gogorarazten digute. Edizio askotariko lehena izatea espero dugu", adierazi zuen.
Xehetasunak
Festa goizetik eguerdira bitartean ospatuko da zumardian. Bi kirol-proposamen nagusi izango ditu, eta Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak izango dira ekitaldiko protagonistetako batzuk. Azpimarratu dutenez, horiek "bi bizikleta probetan parte hartuko dute".
Konfirmatutako emakumezko txirrindularien artean daude Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Naia Amondarain, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo, baita gizonezkoen talde profesionaleko txirrindulariak eta 23 urtez azpikoak ere.
Honakoak dira proposatu dituzten jarduerak:
- I. Basotik Zikloturista Martxa: 89 kilometroko martxa zikloturista da, kirol-erronka baten bila dabiltzan txirrindularitza zaleei zuzendua, baita eskola eta txirrindularitza klubei ere. Zorrotza bada ere, 1.200 metroko desnibel positiboa du, ez da lehiakorra. 300 parte-hartzaile baino ez ditu izango. Izen-ematea doakoa eta derrigorrezkoa da; Internet bidez egin daiteke HEMEN sartuta.
-
Txirrindulari Txiki Festa: Haur eta familientzako 4 kilometroko martxa da eta, ondoren, bizikletaz egindako ginkana dibertigarri bat egingo dute, haurrentzat pentsatua. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Zozketak
Bi ekitaldietan parte hartzen dutenen artean bi bizikleta zozkatuko dituzte:
-
2.500 euroko balioa duen Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari profesional baten errepideko bizikleta, Basotik Zikloturista Martxako parte-hartzaileen artean.
-
599 euroko balioa duen Orbea Onna 50 mendiko bizikleta, Txirrindulari Txikien Festan parte hartzen dutenen artean.
Goiza giro onean biribiltzeko, parrillada herrikoia egingo dute kioskoaren ondoan, musika eta pintxoekin.
EGITARAUA:
- 08:30. I. Basotik Zikloturista Martxarako dortsalen banaketa.
- 09:00. Basotik Zikloturista Martxaren irteera.
- 11:00. Txirrindulari Txiki Festa:
- 4 kilometroko ibilbidearen irteera.
- Ginkana.
- 13:00-13:30. Basotik Zikloturista Martxaren helmugara iristea eta proba bukatu dutenei poltsen banaketa, kioskoan.
- 13:00-14:30. Pintxoak eta parrillada, parte hartzaile guztientzat.