Israelek Gazara heltzear zen Global Sumud ontzidia atzeman ostean, atzo arratsaldean Euskal Herriko plaza edota udaletxe aurre guztietan elkarretaratzera deitu zituzten herritarrak, eta debarrek ez zuten hutsik egin. Dozenaka lagun batu ziren Foruen Plazan eta, besteak beste, Gazako setioa bukatzeko eta Israel desegiteko eskatu zuten.
Palestina askatu!, Flotilla askatu! eta Gazako setioa hautsi! Israel desegin! zioten pankarten atzean egin zuten, zehazki, mobilizazioa.
Bezperan Gazara laguntza humanitarioa eramateko eta hara korridore humanitarioa irekitzeko asmoz ontzietan zihoazen 200 bat ekintzaile atxilotu zituzten Israelgo militarrek Euskal Herrian gauerdia zenean. Guztira, 530 ekintzaile zeuden ontzidian –tartean lau euskal herritar–.