Lurraldebusek eta Euskotrenek garraio zerbitzua indartuko dute igandean Elgoibarren ospatuko duten Kilometroak festarako

Berriketan 2025ko urr. 3a, 10:14

Elgoibarren egingo dute etzi, hilaren 5ean, ikastolen aldeko Kilometroak festa. Bertaratuko direnen joan-etorriak errazteko asmoz, tren eta autobus zerbitzuak indartuko dituztela iragarri dute Euskotrenek eta Lurraldebusek.

Igande honetan, urriaren 5ean, Elgoibarren ospatuko den Kilometroak jaiaren harira, garraio zerbitzu bereziak izango direla jakinarazi du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. 

Autobusen kasuan, Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, zerbitzu bereziak egongo dira DG07 linean Elgoibarren geldialdia eginez. Bi irteera berri izango dira 09:15ean eta 09:45ean Eskoriatzatik, eta hiru Donostiatik 13:00etan, 17:30ean eta 18:30ean irtenda. Era berean, Elgoibarko geltokia Donostiatik 14:00etan ateratzen den ibilbidean sartuko da. Halaber, egun osoan zehar, UK05 (Zestoa > Azpeitia > Azkoitia > Elgoibar > Eibar > Ermua), DB02 (Ermua > Donostia) eta DB04 (Mallabia > Deba > Ondarroa) lineetako zerbitzuak indartuko dira.

Bestalde, Euskotrenek ere tren zerbitzua indartuko du, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia hartuko duen herrira joan-etorrien erraztasuna bermatzeko asmoz. Zehazki, E1 linea indartuko da: Amara/Donostia – Matiko/Bilbo. Bestalde, Toletxegain geralekua zerbitzutik kanpo egongo da igande osoan.

Hala ere, Euskotrenek ordutegiak aldez aurretik kontsultatzea gomendatu du. Aplikazio ofizialean eta webguneko bilatzailean egin daiteke kontsulta hori (esteka honetan).