Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, Deba, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Eibar, Zumaia, Zarautz, Oiartzun eta Zizurkildik etorritako emakumeek osatuko dute jokalarien taldea. Guztira, hemeretzi bikotek parte hartuko dute: bederatzi lehen mailan ariko dira, eta beste hamar bigarrenean.
Antolatzaileek nabarmendu bezala, "pozgarria" da hainbeste emakume palan ikustea. "Guretzat garrantzitsua da emakumeek kirolean ikusgarritasuna izatea. 38 emakume lehian ibiltzea, eta maila onean gainera, ez da edozein kiroletan ikusten".
Astero
Egutegia ere zehaztuta dute. Dena ondo bidean badoa, azaroan 22an emango diote amaiera lehiari. Partidak astero jokatuko dituzte: ostegunetan 19:00etan hasiko dira, ziur aski; igandetan, berriz, 10:00etan.
Lehen fasea ligaxka eran jokatuko dela aurreratu dute. Igandean (urriak 5) izango da lehen hitzordua, 10:30etik aurrera, Aldats pilotalekuan. Guztira, hiru neurketa jokatuko dituzte: Maider Urbieta zumaiarrak eta Maitane Oliden zarauztarrak osatutako bikotearen eta Oihana Lazkano eta Onintza C. Sukia debarrek osatutako bikotearen aurkako norgehiagoka izango da lehena.
11:00etan, berriz, Mari Seara eta Marilu Albizu debarrek eta Arantza Atxurra ondarrutarrak eta Jaione Peña mutrikuarrak osatutako bikoaren arteko lehia izango da. Eta, 11:30ean, azkenik, Yolanda Mateos elgoibartarraren eta Iratxe Astigarraga debarraren aurka neurtuko dituzte indarrak Amaia Aizpuru azkoitiarrak eta Elaia Oiartzabal debarrak.