Alaitz Escudero debarrak, Leire Etxezarretak, Irati Gutierrezek eta Garazi Otaegik osatzen dute Neomak taldea. Eta, sare sozialetan nabarmendu dutenez, "emozionatuta gaude datorren guztia zuekin partekatzeko".
Aurten kaleratuko duten disko berriaren Inork ez du berdin egiten negar kanta eta haren bideoklipa argitaratu zituen atzo taldeak. Maitane Campos Fundazurik zuzendu du bideoklipa eta Pau Brugada Vilà eta Vic Moliner Abos (Olivera Estudi) arduratu dira ekoizpen exekutiboaz eta grabaketaz.
Taldekideek nabarmendu dutenez, "aldaketen aurrean sentitu daitezkeen beldurren ondorioz, guztia zalantzan jarri eta ez egiteko erabakiak hartu izan ditugu zenbaitetan. Beldur horiek interpretazio subjektiboak direla ohartzean sentitutako amorrutik idatzi da kantua". Beren esanetan, hain zuzen, "zein garrantzisua den norbere buruarekin elkarrizketak izatea. Ezinbestekoak diren mugak jarriz, norberak bereak, emozioei dagokien tokia emanez eta ekintzara eramanez. Norberak identifikatu behar ditu bereak eta ondokoarenak errespetatu, egoera beraren aurrean inork ez baitu berdin egiten negar".