'Destiny Driver' antzezlana ikusteko aukera izango da ostiralean Deban

Berriketan 2025ko urr. 2a, 10:07

Getari Etxegarai eta Ugaitz Alegria dira obrako protagonista nagusiak. Hitzordua Kultur Elkartean izango da, 20:00etan hasita. 

KulturEkin egitasmoaren baitan, Pabiloi 6 gunearen Kriseilu Saria eskuratu duen Destiny Driver antzezlana ikusteko aukera izango da bihar (urriak 3) iluntzean, Kultur Elkartean. 20 minutuko iraupena duen obra labur honek euskarazko lanik onenaren saria jaso du aurten, Hil da Jainkosa lanarekin batera. 

Markos Goikolea da lanaren egilea, eta Donostia eta Deba artean hazi eta hezitako Getari Etxegarai (Gasteiz, 1981) eta Ugaitz Alegria (Ondarroa, 1977) aktoreak dira euskarazko komedia futurista honen protagonista nagusiak. Obra, berriz, Olatz Ganboak zuzendu du. 

20:00etan hasiko da emanaldia eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik ere zenbait sarrera geratzen dira salgai. Internet bidez daude eskuragai, www.labur.eus/destinykulturekin helbidean. Saioaren egunean oraindik sarrerarik balego, hitzordua hasi aurretik leihatilan jarriko dituzte salgai. Sarrerek 3 euroko salneurria daukate. 

Sinopsia

Bi pertsonen arteko zita batean gaude XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio: begiak ixterakoan, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Gizakiek etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku utzi dute; trukean, ziurgabetasuna desagertu egin da. Orain, ezagutu berri den bikote honek beraien etorkizun propioa imajinatu ala software honek esaten dienaz fidatzearen artean erabaki beharko du.

Alde batetik, etorkizuna aldez aurretik ezagutzeak abantaila handiak dakarzkigu, baina ze preziotan? Etorkizun alternatiboak irudikatzeko gaitasuna galtzen badugu, hauek sortzeko aukera ere desagertzen da, profezia autobete batean bezala. Gizakiok lehen imajinatu duguna soilik sortzeko gai gara eta.