Haurra zenetik praktikatu du capoeira Oinatz Irustak (Deba, 2008). Orain dela pare bat urte ezagutu zuen jiu-jitsu brasildarra eta ordutik buru-belarri dabil kirol horretan sartuta. Lorpen handiak eskuratu ditu honezkero. Besteak beste, zilarrezko eta urrezko domina banarekin itzuli zen otsailean Albaceten jokatutako Espainiako Jiu-jitsu Txapelketatik; grappling modalitatean bigarren izan zen debarra, eta grappling gi modalitatean txapeldun. Azaroan Greziara bidaiatuko du, hilaren 1etik 4ra Loutrakin jokatuko den mundu mailako jiu-jitsu txapelketan parte hartzeko —bi modalitateetan ariko da berriz ere—.
Nolatan hasi zinen jiu-jitsu brasildarra bezalako kirol batean?
Betidanik egin izan dut capoeira; lau bat urte nituela hasi nintzen, Jon Montielekin. Eta boxeoan ere aritzen naiz... Egia esan, denbora gutxi daramat jiu-jitsuaren mundu honetan sartuta. Lagun baten bitartez ezagutu nuen eta asko gustatu zitzaidan, gustura nabil. Aurrera begira, arte martzial mistoetan aritzea ere (ingelesez Mixed Martial Arts edo MMA) gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu…
Zertan datza jiu-jitsua?
Nik jiu-jitsu brasildarra egiten dut. Berez, arte martzial bat da. Baina, kasu honetan, ezin da aurkaria kolpatu. Bestea lurrera botatzeko proiekzioak, giltzak edo itoarazteko teknikak erabiliz, aurkaria mendean hartzea eta hark amore ematea da helburua.
“Arte martzialetan oso garrantzitsua da taldearen babesa eta mundu honetan sartzen dena erraz jabetzen da horretaz”
Judoaren antza dauka?
Bai, antzekoak dira, baina jiu-jitsuan borrokari jarraipena ematen zaio lurrean. Judoan, zuk aurkaria lurrera botatzen baldin baduzu, bukatutzat ematen da borroka, eta hark galtzen du. Jiu-jitsuan ez, badago zuzenean lurrera botatzen den jendea, borrokaldi osoa lurrean egiteko helburuz (eta ez zutik); puntuka galtzen da, edo borroka amaitutzat ematen delako bestela.
Zergatik gustatzen zaizu hainbeste?
Jende askok daki ukabilkadak eta ostikoak ematen, baina ia inork ez daki jiu-jitsuan erakusten den guztia: jendea lurrera ondo botatzen, aurkaria itoarazten, luxazioak eragiten... Teknika zenbat eta gehiago menperatu, orduan eta borroka hobea. Bestalde, oso garrantzitsuak diren baloreak hartzen ditugu oinarri.
Zeintzuk?
Errespetua, diziplina, konstantzia, hobetzeko grina edo superazioa... Gimnasioan sartzean, irakasleak gogorarazten digu atea oso handia dela bertara sartzeko, eta oso handia era berean norbait bertatik botatzeko. Denok errespetatzen ditugu, beraz, balore horiek. Inoiz ez dut izan halako irakaslerik, egia esan; beti dago hor, arazo bat dudan bakoitzean... Asko laguntzen digu.
Emaitza ederrak lortu zenituen Espainiako txapelketan. Gustura al zaude lorpenekin?
Bai, oso pozik itzuli nintzen. Asko eta gogor entrenatu nintzen txapelketa prestatzeko eta zentzu horretan konfiantza handia nuen neure buruarengan, baina oraindik denbora gutxi daramat kirol honetan eta zalantzak ere banituen...
Azaroan Greziara bidaiatuko duzu, mundu mailako txapelketan Espainiako selekzioarekin lehiatzeko. Urduri?
Beno, oraindik ez larregi. Dena dela, badakit data gerturatzen doan heinean urduriago jarriko naizela. Beste bi kiderekin noa txapelketara.
“Beste txapelketa garrantzitsu bat dagoenean berriz emango diot egurra, ondo prestatu eta lehian parte hartu ahal izateko”
Lau eguneko lehia izango da, ezta?
Bai. Azaroaren 1etik 4ra joango naiz Loutraki hirira, bi egunetan ariko naizelako borrokan; egun batean modalitate batean eta bigarrenean bestean. 17 urtez azpiko eta 50 kilora arteko kategorian lehiatuko naiz.
Zer espero duzu txapelketaz?
Tira... Gogor ari naiz entrenatzen eta esango nuke munduko txapelketan emaitza onak lortzeko aukerak ditudala. Denbora luzez nabil txapelketa hau gogoz prestatzen. Batzuek astean bitan bakarrik egiten dituzte saioak eta gu aste osoan entrenatzen gara, larunbatetan ere bai. Ez gabiltzanean jiu-jitsuan gimnasioan aritzen gara eta beste askorekin alderatuz gero, entrenamendu bikoitza egiten dugu. Horrek aukerak emango dizkigu, ondo prestatuta goaz eta. Gainera, nire pisu eta altuerakoak izango dira aurkariak; beraz, irabazteko aukera gehiago izan ditzaket.
Gogor doaz, hortaz, prestaketak...
Bai. Batzuetan, goizez egiten ditut jiu-jitsuko entrenamenduak, eta, bestetan, arratsaldez aritzen naiz. Ekainaz geroztik, egunero-egunero entrenatzen naiz. Bestalde, gimnasioan ere banabil… egunean, beraz, ia lau orduz entrenatzen naiz. Gainera, dieta jakin bat daramat orain.
Eta erraza al da entrenamenduak ikasketekin uztartzea?
Bai, bueno… Zumaiako Soldadura Zentroan dihardut ikasten eta irailean hasi dugu ikasturtea. Beraz, azarora bitartean, suposatzen dut goizez eskolan ariko naizela; handik irten, bazkaldu eta gimnasiora joko dut arratsaldetan eta gimnasioko saioa amaitzean, aldiz, jiu-jitsura.
Txapelketetan taldeka edo banaka lehiatzen zarete?
Berez, banakako borrokak eta txapelketak izaten dira, norbere izenean lehiatzen gara. Zuzenean galdetzen dizute txapelketara joan nahi duzun eta zurea da erabakia. Dena dela, oso harreman estua daukagu denon artean (Igor entrenatzailearekin, beste kide guztiekin…) eta familia bat izango bagina bezala sentitzen gara. Arte martzialetan oso garrantzitsua da taldearen babesa eta mundu honetan sartzen dena erraz jabetzen da horretaz, izan Zarautzen edo beste edozein gimnasiotan.
Zarautz aipatu duzu. Bertan entrenatzen zara beti?
Bai, Gracie Barra Zarautzen. Gainera, batzuetan Irunera joaten naiz, konpetiziozko entrenamendu saioak egitera.
Beste kirol batzuekin alderatuta, jiu-jitsuak ez du agian hainbesteko oihartzunik. Nola ikusten duzu zuk? Kirol hori praktikatzen duen gazte asko al dago inguruotan?
Gure gimnasioan jende pila bat aritzen da jiu-jitsuan. Gainera, Zarautzen ez ezik, Gracie Barra Irunen, Donostian, Iruñean... ere badago, eta Zumaian ere orain zabalduko dute berri bat. Esango nuke azkenaldian jende gehiago dabilela honetan; boxeoan eta arte martzialetan dabiltzanek ere jiu-jitsua praktikatzen dute batzuetan...
Aurrera begira, zer asmo duzu? Jiu-jitsuan eta lehian jarraituko duzu?
Asko gustatzen zait eta aurrerantzean ere honetan jarraitu nahiko nuke. Atseden ere hartuko dut ziur aski, intentsitate handiko entrenamenduak egiten baititut egun askotan eta hori oso gogorra da... Baina beste txapelketa garrantzitsu bat dagoenean berriz emango diot egurra, ondo prestatu eta lehian parte hartu ahal izateko.