Hitzorduaren aurretik zein egunean bertan, boluntario ugarik lagundu dute aurten ere Euskal Jaia antolatzeak berekin dakartzan zeregin guztiak aurrera eramaten: bazkari herrikoiko mahai eta aulkiak jartzea, 300dik gora lagunentzako paella jana prestatzea, zozketarako saskiak atondu eta txartelak saltzea, txosnako txandak egitea, mahai-tresnak garbitzea, Aldats pilotalekua txukuntzea...
“Pozik gaude, beste behin ere, Euskal Jaia aurrera ateratzeko jaso dugun babesarekin eta modu batean zein bestean laguntzeko prestutasuna azaldu duzuen guztioi eman nahi dizkizuegu eskerrak. Auzolanaren eta herritarren parte-hartzearen emaitza ikusi zen Aldats pilotalekuan, beste urte batez, eta iruditzen zaigu ederra izan dela aurtengoa ere. Eskerrik asko!“, nabarmendu dute Zuhatza elkarteko kideek.
Aipamen berezia
Elkarteak, bestalde, aipamen berezia egin nahi izan die zozketarako saskiak osatzeko produktuak edo sormen lanak musu-truk eskaini dituzten saltoki, taberna, ekoizle eta sortzaileei. Zehaztu dutenez, 31 izan dira guztira: Santixo baserria, Doniene Berri, Martin Sukia, Olabe arrautzak, Garaitz poltsak, Calbeton jatetxea, Sukia fruta-denda, Lorea taberna, Zalburdi taberna, Katxalote, Txaro fruta-denda, Zuriñe Gredilla, Lizaso janari-denda, Zortziko Eztia, Aittola harategia, Oskarbi taberna, Itxas Gain taberna, Koska taberna, Ondargain taberna, Atozte taberna, Hiru Uhinak hotela, Aleix&Quim, Goxoena gozotegia, Masillo liburu-denda, Sasoiko ekodenda, Ieraenea ekodenda, Albizu harategia, Razan harategia eta fruta-denda, Fruta del pueblo fruta-denda, Izenbe taberna eta Elgar (Lizaso harategia).
“Esker oneko hitzak besterik ez ditugu. Sekulakoa izan da otarreak osatu ahal izateko jaso dugun laguntza. Borondatezko parte-hartzea eskatu zaie herriko saltoki, ekoizle eta sortzaileei, euskara elkarteak bere eguneroko jarduerak aurrera eramateko beharrezkoa duen autofinantzaketarako baliatzen duen ekimen honetan euren ekarpena egin zezaten. Emaitza begi-bistakoa izan da, aurten ere saski dotore-dotoreak osatu ditugu aipatutako guztien laguntzari esker. Denentzako, beraz, euskara elkartearen izenean, gure eskerrik beroenak”.