IRITZIA

"Deba ez da inklusiboa izango Udalak ez baditu immigranteak erroldatzen"

Jose Luis Albizu 2025ko urr. 14a, 09:53

Hona hemen Jose Luis Albizuk Berriketan aldizkarirako idatzitako kolaborazioa:

Donostiako Udalaren esanetan, erroldatze soziala ematean "pertsona bat bere benetako bizilekua ez den beste leku batean erroldatzen da. Hau da, Udalak badaki pertsona bera dela eta hirian bizi dela, baina ezin da bizi den lekuan erroldatu, hainbat arrazoi direla medio".

Lehen, indarkeriaren biktima ziren emakumeen edo etxerik gabeko pertsonen kasuan erabiltzen zen errolda soziala udal batzuetan. Baina, orain, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak kontzeptu hori zabaldu eta egoera berezietan erroldatzeko irizpide komunak onartu ditu; eskubide hori ukatzen zaien pertsona guztiei erroldatze soziala ezartzea gomendatu die udalei.

Udalerri batzuetan, erroldatze soziala batez ere pertsona migratzaileei zuzenduta dago, haiei eragiten baitie gehien errealitate horrek, eta funtsezkoa da haien egoera erregularizatzeko eta oinarrizko eskubideak eskuratu ahal izateko, hala nola osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak.

“Errolda zenbaki bakoitzaren atzean bizitza bat dago, familia bat, etorkizuneko proiektu bat”

Zergatik da beharrezkoa erroldatzea?

Errolda ez da paper bat bakarrik, eskubide askotarako sarbide baizik. Erroldarik gabe zaildu edo ezinezko bihurtzen dira, adibidez:

-Osasunerako sarbidea (osasun-txartela).

-Adingabeen oinarrizko hezkuntzarako sarbidea (ikastetxea esleitzea), baita prestakuntza ofizialetarako eta Lanbideren ikastaroetarako sarbidea ere.

-Oinarrizko gizarte-prestazioak eskuratzea.

-Egoitza-baimena lortzea atzerritartasunari buruzko legeak eskatzen duen urteen ondoren, eta irregulartasun administratiboarekin amaitzea...

Zergatik ezin dira erroldatu pertsona asko?

Badakigu pertsona askorentzat zaila edo ezinezkoa ere badela errolda lortzea:

-Elkartasunagatik, ahaidetasunagatik edo adiskidetasunagatik etxebizitza batean bizi diren pertsonak ez dira bertan erroldatzen eta errolda beste etxe batean "ordaindu" behar izaten dute. 

-Zaintzan eta etxeko lanetan barne-erregimenean lan egiten duten eta etxean bizi diren pertsonei erroldatzeko eskubidea ukatzen diete enplegatzaileek. 

-DSBEa jasotzen ari den pertsona batekin bizi diren herritarrak ez dira erroldatzen, etxe berean beste norbait erroldatuz gero DSBE hartzailearen diru-sarrerak murriztuko diren beldur direlako.

-Alokairuan bizi diren pertsona batzuei erroldatzea galarazten die jabeak, edozein arrazoi dela medio. 

-Pasaportea indarrean ez dutenak ezin dira erroldatu...

Errolda zenbaki bakoitzaren atzean bizitza bat dago, familia bat, etorkizuneko proiektu bat. Zure bizilaguna naiz, baina erroldarik gabe ez naiz existitzen!