Gaur amaitzen da euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea

Berriketan 2025ko ira. 30a, 11:51

Udaletik jakinarazi dutenez, euskararen aldeko apustua indartu dute aurten, hizkuntzaren ikaskuntzarako laguntza berriekin. Zehazki, bi laguntza-mota daude.

Debako Udalak euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten pertsonei zuzendutako dirulaguntza deialdi berria jarri du abian. Gaur (irailak 30) amaitzen da dirulaguntzak eskatzeko epea. Izapideak aurrez aurre egin daitezke Udalean bertan edo elektronikoki Udalaren Erregistro Orokorraren bidez. 

Udaletik jakinarazi dutenez, euskararen aldeko apustua indartu dute aurten, hizkuntzaren ikaskuntzarako laguntza berriekin. Zehaztu dutenez, deialdiak bi laguntza lerro bereizten ditu. Batetik, 2024-2025 ikasturtean euskara-ikastaroak egin dituztenei eskainitako dirulaguntzak daude. Bestetik, aldiz, 2025-2026 ikasturtean 60 orduko AISA ikastaro baten bidez euskara ikasten hasi nahi dutenentzako bekak jarri dituzte abian.  "Azken hauek bereziki egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei zuzenduta daude", adierazi dute.

Azpimarratu dutenez, dirulaguntzen helburu nagusia da herritar guztiei euskararako sarbidea erraztea. "Udalak euskararen erabileraren normalizazioarekin duen konpromisoa berresten du eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatu eta bultzatzeaz gain, euskara ikasterakoan pertsona askok aurkitzen dituzten oztopo ekonomikoei aurre egiten laguntzea du xede", gaineratu dute. 

Deialdiari buruzko xehetasunak

2024-2025 ikasturteko euskara ikasleentzako dirulaguntzak

Laguntza-lerro hau Deban erroldatuta dauden eta 2024-2025 ikasturtean euskara ikastaroetan matrikulatuta egon diren pertsonei zuzendua dago. Helburua da euskara ikasteko urratsa eman dutenei laguntzea, matrikularen kostu osoa edo zati bat ordainduz. 

Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, beharrezkoa da ikastaroa HABEk homologatutako zentro batean egin izana (aurrez aurrekoa, autoikaskuntzakoa edo mistoa), gutxienez saioen % 75era joan izana, aprobetxamenduaren aldeko txostena eskuratzea eta aurreko bi urteetan maila horretarako laguntzarik jaso ez izana. 

Laguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da egindako mailaren arabera: 

  • A1, A2, B1 eta B2 mailetarako matrikularen % 100 beteko da, 900 euroko mugarekin. 

  • C1 mailarako, 500 euro arte. 

  • C2 mailarako, matrikularen % 75 arte, 400 euro gehienez. 

2025-2026 ikasturteko hastapen-ikastaroetarako bekak

Pertsona askok arrazoi ekonomikoengatik euskara ikasten hasteko pausoa ematen ez dutela jakinda, Udalak bereziki egoera ahulean daudenentzako beka lerroa bultzatu du.  

Beka hauek Deban erroldatutako pertsonei zuzenduta daude, 2025-2026 ikasturtean 60 orduko AISA ikastaroa egin nahi dutenentzat hain zuzen. Beka eskuratzeko, 16 urte edo gehiago izan behar dira, HABEk homologatutako zentro batean matrikulatu behar da eta honako egoera hauetakoren batean egon: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun izatea, errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egotea, edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen txosten bat izatea, kalteberatasun-egoera egiaztatzen duena. 

Bekak matrikularen kostuaren % 100 estaliko du, "eta, horrela, inor ez da euskara ikasi gabe geratuko baliabide ekonomikorik ez duelako".