Euskal Kostaldeko Geoparkeak gogorarazi bezala, UNESCOk izendatu zuen Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna, geologiak egungo gizartean duen papera nabarmentzeko eta planetaren ondare geologikoaren kontserbazioa sustatu nahian. Eta, hortaz, "egun garrantzitsua izaten da munduko geoparke guztientzat", erantsi du.
Ospakizunak larunbatera (hilaren 4ra) aurreratuko ditu oraingoan, herritarrentzat bi ekimen eskainiz. Goizez, Asier Hilarioren eskutik Deba eta Mutriku arteko ibilaldi interpretatua egingo da, batetik; eta, bestetik, Flyscharen ibilbidea txangoa erdi prezioan eskainiko dute, arratsaldean.
Goizeko ibilaldirako hitzordua 10:00etan jarri dute. Debako kirol portutik abiatuko da taldea Mutrikurainoko hiru kilometroko itsas pasealekuan zehar bisita interpretatua egiteko. Geoparkeko zuzendari zientifikoa den Asier Hilario geologoak gidatuko duen ibilbide gidatuan flysch beltzak eta itsasoak Debako eta Mutrikuko herrien konfigurazioan eta historian izan duten eragina ikusiko dute partaideek. "Duela 100 milioi urteko gertaerak zein azken milaka urteetako itsas gorabeherak azalduz egungo paisaia ulertzeko aukera izango dugu", azaldu du Hilariok.
Jarduera hau euskaraz egingo da eta doakoa izango da. Irteera gidatua denez, talde murriztua osatuko da eta, hori dela eta, parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago labur.eus/geodibertsitatea inprimakia beteta ala Debako Turismo Bulegoan (943 19 24 52).
Arratsalde parterako, Flyscharen ibilbidea bisita erdi prezioan gozatzeko aukera egongo da. Zumaia eta Mutriku lotuko dituen itsas zeharkaldia egin ahal izango dute herritarrek, Debako kostaldea ere ezagutuz. Aipatu dutenez, irteerak "Geoparkeko itsasertza geologiaz zein kulturaz aberatsa den ikuspegitik bizitzeko" aukera emango du. Nabigazioan zehar, flyscharen sekretuak azalduko dituzte, baita ingurune horretako jarduera nagusiak gogorarazi ere: Zumaiako ontzigintza, Debako merkataritza-bizitza eta Mutrikuko balea-arrantza. Gainera, Mutrikura iritsita, ordubeteko tartea izango dute portua eta Monumentu Multzo izendatua den alde zaharra bisitatzeko. Txangoa Zumaiako moilan hasiko da,16:30ean, eta guztira hiru orduko iraupena izango du.
Izen-ematea %50eko deskontuarekin egiteko: labur.eus/geo25 #geo25 kodea erabilita.
Ekimenetan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. "Lurralde baten geodibertsitatea bertako arroka, mineral eta fosilak baino zerbait gehiago dela ulertzen lagunduko digute antolatutako bi ekimenek. Geodibertsitateak, hein handi batean, gure historian, gure kulturan eta gure ekosistemetan eragiten du, eta diruarekin nekez zenbatu daitezkeen onurak eskaintzen dizkigu. Konturatu gabe ere geodibertsitatea inguratzen gaituzten baliabide askoren atzean dago", nabarmendu dute.