Irailaren 14tik 20ra bitartean jokatu zen norgehiagoka eta debarra Euskal Selekzioaren ordezkari izan zen beste hiru kiderekin batera, Peru Egurbide hautatzailearen esanetara. Larruzko modalitatean aritu zen taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, Mexikoko selekzioa mendean hartu ondoren.
Euskal selekzioarekin lehen esperientzia bizi izan du Prietok eta, azkenean jokatzeko aukerarik izan ez duen arren, pozik azaldu da maila gorenean parte hartu eta taldearekin podiuma zapaltzea lortu duelako.
Azaldu duenez, lesio baten ondorioz, debarrak ezin izan zuen kantxaratu. Oraindik ere ez du urte luzez pilatutako esperientziarik trinketean eta, hori kontuan hartuta, ez zuen titular izatea espero. Baina aitortu du bazuela minutu batzuk jokatzeko itxaropena. "Entrenamendu batean eskuin besoko trizepsean min hartu ondoren, debutatzeko aukerarik gabe geratu nintzen. Pena bat da. Ez da beso berean lesioa dudan lehen aldia".