Punk-rock doinuek hartu zuten Erromako Casilino Sky Park gunea larunbatean eta jendetza batu zen hitzordura. Brigade Loco taldeko Lander Aznal abeslari debarrak aipatu bezala, "oso pozik gaude publikoak emandako erantzunarekin. Italiar batzuek hitzordurako euskara ikasi zutela zirudien! Gainera, material asko saltzeko aukera izan genuen. Beraz, gustura itzuli gara Erromatik".
Brigade Locok hamabost bat abestiz osatutako errepertorioa eskaini zuen. Besteak beste, bideoan ikus daitekeen bezala, Atarassia Grop talde italiarraren All Reds Rugby Roma ere kantatu zuten; herriko (Erromako) All Reds rugby taldearen omenez sortutako pieza da.
700dik gora lagun hurbildu ziren kontzertura, baita hainbat euskaldun ere. Horien artean zebilen, adibidez, Ibai Idiakez debarra. "Carrara hirian lanean nagoela aprobetxatuta, asteburu pasa joan nintzen Erromara, Brigade Locoren kontzertua aitzaki hartuta. Jende asko elkartu ginen bertan eta sekulako giroa izan zen. Lagun asko egin nituen, Perugiako batzuk ere tartean. Pentsa, asteburu honetan Perugiaren futbol partida ikustera gonbidatu naute gainera!".