Debako Udalak jakinarazi bezala, 2025eko Debako Kulturarteko Bizikidetza Planaren baitan antolatu dute gaur (irailak 24) arratsaldeko hitzaldia. Eta, aurreratu dutenez, gorroto-diskurtsoei aurre egiteko narratiba alternatiboak eraikitzearen garrantzia izango du ardatz. "Hausnarketarako eta ikaskuntzarako espazio horrek udalerriko bizikidetza eta gizarte-kohesioa indartzea du helburu, herritartasun kritikoa, inklusiboa eta aniztasunarekiko konprometitua sustatuz", azaldu dute.
Topaketako hizlariak Itziar Gorostidi eta Abdoulaye Sarr SOS Arrazakeria erakundeko ordezkariak izango dira. Arrazakeriaren, xenofobiaren eta kulturen arteko bizikidetzari eragiten dieten zurrumurruen aurkako borrokan duten esperientzia eta ezagutza partekatuko dituzte.
18:30ean emango diote hasiera saioari, Agirre jauregiko Ispiluen gelan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "jarduera hau Debako Udalak bultzatutako ekintzen parte da, gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta kultur aniztasunarekiko errespetuzkoago baten aldeko konpromisoaren baitan antolatua".