Abian da XX. Tene Mujika Beka

Berriketan 2025ko ira. 24a, 09:40

Proiektuak bidaltzeko epea abenduaren 14an amaitzen da. Lan irabazleak 8.000 euroko dirulaguntza jasoko du aurten ere.

Abian dago jadanik Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako XX. Tene Mujika Beka. Iaz bezala, 8.000 euroko dirulaguntza emango dute, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko helburuarekin. 

Antolatzaileen arabera, gure herrian azken 50-75 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimendu bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke deialdira. Besteak beste, onartutako modalitateen artean honakoak daude: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak eta ikerketak.

Proiektuak baloratzerakoan, bi ezaugarri hartuko dituzte kontuan bereziki: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. "Ez da fikziorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak", adierazi dute antolatzaileek. Gaineratu dutenez, lana jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko da, "aurrez argitaratu nahiz saritu gabea". 

Urtarrilaren 16rako

Deialdian jaso dutenez, abenduaren 14a da proiektuak aurkezteko azken eguna. Lanak euskara@deba.eus helbide elektronikora bidali behar dira eta mezuan honako dokumentuak txertatu beharko dira: 

  • Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.

  • Idatzi nahi duen lanaren azalpena, hiru-sei orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…

  • Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.

Epaimahaia Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatuko dute. Jasotako proiektu guztiak aztertu ondoren, horien artetik bat izendatuko dute irabazle. Iragarri dutenez, erabakia 2026ko urtarrilaren 16rako ezagutaraziko dute. "Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaiko kideek".