Deba festa giroan murgilduko da bihar, Euskal Jaia ospatzeko

Berriketan 2025ko ira. 26a, 09:16

Bihar (irailak 27) izango da egun handia, baina gaur (irailak 26) hasiko dira ospakizunaren bueltan antolatutako ekintzak. Izan ere, Kalean Kantuz taldeko kideek iluntzean eskainiko duten kantaldiarekin abiatuko da egitaraua. Debako Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak herritarrei baserritarrez janzteko deia egin die.

Biharko goizetik gauera arteko programazioa prestatu dute: talo postuaz gain, txistularien, Zubietako joaldunen, trikitilarien eta dantzarien kalejirak eta emanaldiak izango dira goiz eta eguerdi partean. Arratsaldean, aldiz, buruhandiak ibiliko dira kalez kale, baita Debrass taldea ere. Eta musika izango da protagonista gauean ere, Obaneuke taldearen erromeriarekin (Foruen Plazan).

Berrikuntzei dagokienean, bestalde, Debako Udalak jakinarazi du aurten ez dela marmitako lehiaketarik egingo, baina goizean Plaza Zaharrean sagardoa doan edateko aukera egongo dela iragarri du. 

Bazkari herrikoia

Herri bazkaria ere ez da faltako. Aurreko urteotako dinamikari eutsiz, Aldats pilotalekuan izango da, 15:00etan, Zuhatza Euskara Elkartearen ekimenez. Ondoren, gainera, Irrintzi Txapelketa egingo da eta trikitilariek girotuko dute arratsaldea. 

600 lagunentzako tokia egongo da bazkarian eta 09:30etik aurrera erreserbatu beharko da lekua (paella janerako txartela izan ala ez). "Aulkiak eta mahaiak jartzen lagundu ondoren egin ahal izango da erreserba".