Jon Montiel klubeko arduradunak jakinarazi dutenez, hasita daude herritarren artean judoa sustatzeko ate irekien saioekin. Ikigai zentroan elkartzen direla esan du eta, azaldu duenez, astearte eta ostegunetan egiten dituzte saioak.
Jakinarazi duenez, urriko lehen hamabostaldira arte luzatuko dira ate irekien jardunaldiak eta, zehaztu duenez, honakoak izango dira hurrengo saioen datak: irailaren 30ean, urriaren 2n, 7an, 9an, 14an eta 16an.
Haurrei, gazteei eta helduei zuzenduta dago deialdia. "Bi taldetan banatuta antolatu ditugu saioak. Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako saioak 18:00etatik 18:50era izaten dira eta helduenak, berriz, 20:15etik 21:30era".
"Etorri nahi duenak ez du ezer ekarri behar"
Parte hartzeko interesa duten guztiek Ikigai zentrora jo edo 637 55 29 48 telefono zenbakira deitu beharko dutela adierazi dute, saioa zein egunetan eta zer ordutan egingo duten zehazteko. "Guk hemen judoan aritzeko hainbat neurritako arropa dugu nahi duenari uzteko. Beraz, etorri nahi duenak ez du beste ezer ekarri behar; gogoa besterik ez".
Klubeko arduradunak duten eskaintza ezagutzera eta judoa probatzera animatu ditu herritarrak, eta bertaratzeko deia egin die interesa duten guztiei. "Ate irekien jardunaldiak amaitu ondoren ere judoa probatu nahi baldin baduzue, etorri gugana. Gure ateak beti izango dituzue zabalik", gaineratu du.