Mikel Irustak eta Joseba Galarragak irabazi dute udako argazki lehiaketa

Berriketan 2025ko ira. 22a, 09:21

Laosen eta Santa Katalinan ateratako argazkiek irabazi dute Berriketan herri komunikabideak antolatu duen udako argazkien lehiaketa.

Epaimahaiaren sari nagusia Mikel Irustak eskuratu du, uda sasoian Nam Xay-en (Laos) ateratako irudiarekin; Yurrita arrain kontserben produktu sorta jaso du, baita herriko ekoizle edota sortzaileen lanekin osatutako saskitxoa ere.

Publikoaren saria, berriz, Joseba Galarragarentzat izan da; herritarrek lehian egon diren argazki guztien artean gustukoena hautatzeko aukera izan dute eta Santa Katalinan ateratako argazkia nagusitu da Interneteko bozketan. 688 boto eman dituzte herritarrek, eta 105 boto jaso ditu Galarragaren irudiak. Boto horiei esker, Yurrita arrain kontserben produktu sorta bat irabazi du egileak. Irailaren 2an abiatu zen lehiaketa eta irailaren 14ra artekoa izan da argazkiak bidaltzeko epea.Munduko hainbat herrialdetan ateratako 22 argazki aurkeztu dituzte orotara; Deban bertan egindako irudi ugari izan dira tartean. 

Berriketan-ek eskerrak eman dizkie modu batean zein bestean lehiaketan parte hartu duten guzti-guztiei.