Debako Aitzuri Abesbatzak jakinarazi du bihar iluntzean emanaldi berezia egingo dutela elizan. Izan ere, Aitzuriko kideek ez ezik, Donostiako Eresmin Abesbatzako kideek ere parte hartuko dute kontzertuan, Xabier Carrilloren eta Jaime Tejadasen zuzendaritzapean.
Hitzordua 20:00etan hasiko da eta doakoa izango da. Dena den, elizaren atarian itxulapikoak jarriko dituzte eta Zaporeak elkarteari emango diote bertan bildutako diru guztia. Aitzuriko kideek gogorarazi bezala, Zaporeak elkarteak urteak daramatza Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuei laguntzen eta eguneroko otorduak eskaintzen. Horiek horrela, proiektu horrekin bat egin eta biharko elkartasun ekitaldian lortutako irabaziak elkarteari bideratuko dizkiotela azaldu dute, "Lesbosen bertan egunero prestatzen dituzten 2.500 otorduetan lagundu ahal izateko".