Salgai jarri dituzte Euskal Jaiko herri bazkarirako txartelak Internet bidez

Berriketan 2025ko ira. 12a, 10:20

Txartelak Internet bidez erosi ahal izango dira gaurtik (irailak 12) aurrera, baina aurrez aurreko salmenta ere izango da aukeran astelehenetik aurrera. Elkarteko kideek azkar ibiltzeko deia egin dute, guztira 350 txartel ipiniko baitituzte salgai.

Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza Euskara Elkarteak bere gain hartuko du irailaren 27an ospatuko den Euskal Jaiko herri bazkaria antolatzeko ardura. Aurten ere, 600 lagunentzako lekua egongo da Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, 09:30etik aurrera. Zehaztu dutenez, kuadrilla bakoitzetik prestaketa lanetan laguntzeko bina lagun etortzea eskatzen da.

Norberak bere janaria eraman dezake herri bazkarira, baina nahiago dutenek euskara elkarteko kideek prestatutako paella platerak jateko aukera izango dute; iragarri dutenez, oilaskoarekin eta untxiarekin edo barazkiekin egindako paellak eskainiko dituzte. Paella janerako txartelak gaur (irailak 12) ipini dituzte salgai Internet bidez, 10 euroren truke, eta astelehenean helduko diote aurrez aurreko salmentari. “Prezio horren barruan ogia ere sartzen da”.

Txartelak azkar erostea gomendatu dute; guztira 350 txartel ipiniko dituzte salgai (erdia online eta beste erdia aurrez aurre). Internet bidez berriketan.eus/euskaljaia esteka erabiliz egin daiteke erosketa eta aurrez aurreko salmenta, aldiz, Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan (Ifar kalea 12, behea) egingo dute, honako ordutegian: astelehenetik aurrera, 09:30etik 13:00etara. 

Aurten ere txosna ipiniko dute euskara elkartekoek eta edaria bertan kontsumitzea eskatu dute.