Nahi duenak bizikleta doan konpontzeko aukera izango du Deban

Berriketan 2025ko ira. 12a, 08:31

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua (ezkerrean), Alazne Txurruka Debako alkatearekin eta Jon Iraola Eibarko alkatearekin, kanpaina aurkezten. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen 'Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin' kanpainak geldialdia egingo du astelehenean (irailak 15) Deban. 

Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko du Gipuzkoako hogei udalerritan. Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu duen Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin kanpainari esker, MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten duten erabiltzaileek bizikleta konpontzeko doako zerbitzua jasotzeko aukera izango dute, tartean, Deban. 

Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, MUGI txartela eskatu nahi duten pertsona guztiei beharrezko laguntza eskainiko zaie. "Horrela, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeaz gain (esaterako, herritarren artean bizikleta egunero erabiltzea), garraio publikoaren erabilera sustatzen da MUGI sistemaren bidez", azpimarratu  dute.

Ekintza astelehenean (irailak 15) hasiko dute eta, zehaztu dutenez, Deba eta Eibar izango dira parte hartzen lehenak. "Debabarrenan hasi eta Gipuzkoako eskualde guztietako hogei bat udalerri zeharkatuko ditu aurten ekintzak, herritarren artean desplazamendu-ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzeko".

Zozketa

Bizikletak berrikusi nahi dituztenek edo MUGI txartel pertsonalizatua ateratzeko aholkularitza behar dutenek 16:00etatik 20:00etara egin ahal izango dute Debako Zumardian (kioskoa). Gogorarazi dutenez, zerbitzua doakoa da. 

Aurreko edizioetan bezala, furgoneta-tailerrera hurbiltzen direnek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita MUGI txarteletan 20 euroko balioa duten 60 birkargatan ere.