Astelehenean (irailak 8) abiatu zen UNESCOren Munduko Geoparkeen Nazioarteko XI. Batzarra eta ostiralera (irailak 12) bitartean ospatuko da Txileko Araucania eskualdean dagoen Temuco hirian. Euskal Kostaldeko Geoparkeak jakinarazi duenez, ekimenean Geoparkeko bi ordezkari ari dira parte hartzen: Leire Barriuso gerentea eta Asier Hilario zuzendari zientifikoa, hain zuzen.
Azaldu dutenez, "Antzinako ezagutzatik etorkizuneko Geoparkeetarantz. Teknologiak eta Berrikuntza Digitala garapen iraunkorrerako" ardatz hartuta abiatu da konferentzia, eta ekitaldiak mundu osoko 50 herrialdetako mila aditu inguru bildu ditu, "geoparkeen etorkizunaz eta ikerketa geologikoaren, garapen iraunkorraren eta turismoaren berrikuntzaz eztabaidatzeko".
Egunotan, gainera, hainbat ponentzia aurkeztuko dituzte jendaurrean eta horietako bi Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak aurkeztuko dituela adierazi dute. Batetik, Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea: 18 lurraldeko aliantza ponentzia eta, bestetik, Garapen Iraunkorrerako 18. helburua: Ahots batuak, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko aliantza globala.
Barriusok azpimarratu duenez, "oso garrantzitsua da honelako foro batean parte hartzea, bai Geoparkea eta bere jarduna munduari aurkezteko erakusleiho aparta delako, baita gainerako lurraldeen berri lehen eskutik izaten dugulako ere".
Munduko Geoparkeen Kontseiluaren bilera
Bestalde, konferentziaren aurretik, irailaren 5ean eta 6an, Unescoren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren hamargarren bilkura egin zuten. "Kontseilu horrek geoparkeen berrespenen eta hautagaitza berrien inguruko azken erabakiaz arduratzen da".
Kontseilua mundu osoko 12 adituk osatzen dute. Eta bertan, Asier Hilariok IUGS-en (International Union of Geological Sciences) ordezkari bezala parte hartu zuen, urtean zehar hautagai berrien azterketa geologikoa koordinatu eta gero. Hilariok, zehazki, Kontseiluari emaitzen berri emateko funtzioa duela jakinarazi dute Geoparketik.
Hilariok adierazi duenez, Kontseiluko bilera "luzea eta oso interesgarria" izan da. "Mundu guztiko 61 geoparkeen egoera aztertu dugu. Bilera hauetan eraikitzen dira UNESCO geoparkeen programaren oinarri nagusiak. Ohore bat da Euskal Kostaldeko Geoparkea bertan ordezkatzea”.
Horrez gain, Munduko Geoparkeen Sarearen (GGN) Zuzendaritza Batzordeak irailaren 7an egin zuen bilkuran ere parte-hartze aktiboa izan zuen Geoparkeko zuzendari zientifikoak, IUGSn ordezkari gisa.