Manex Prieto palista debarra 23 urtez azpiko Munduko Trinkete Txapelketa jokatzera deitu dute

Berriketan 2025ko ira. 11a, 12:30

Euskal Selekzioak irailaren 14tik 20ra Argentinan jokatuko den txapelketan aritzeko hautatu du herriko Euskal Jolas klubarekin jokatzen duen pilotaria.

23 urtez azpiko Munduko Trinkete Txapelketa jokatuko da datorren irailaren 14tik 20ra Argentinako Venado Tuerto herriko frontoietan. Hainbat modalitatetan lehiatuko da txapelketa, eta gizonezkoen larruzko paleta kategorian lau pilotari aukeratu ditu Peru Egurbide euskal selekzioko hautatzaileak; horien artean da Manex Prieto debarra. Kategoria horretan binaka arituko dira lehian.

Euskal ordezkaritza gaur (irailak 11) abiatuko da Argentina aldera eta, Prietok adierazi duenez, “ilusio guztiarekin” doa bidaia horretara. “Ez dakit jokatzeko aukerarik izango dudan, baina gogoz eta ilusioz noa”.

Azaldu duenez, euskal selekzioak deitu duen lehen aldia da honakoa. “Lehenago Gipuzkoako selekzioarekin aritu izan naiz, baina hau da euskal selekzioarekin ariko naizen lehen aldia. Egia esan, kriston ilusioa egin dit deialdiak; ez nuen espero maila honetako txapelketa batean parte hartzeko aukera edukiko nuenik. Trinketean jokatzen hasi nintzenean, oso esperientzia gutxi neukan eta denborarekin asko hobetu dut, baina ezustekoa izan da hautatuen artean egotea”.

Lehen lauren artean

Oraindik ere ez du urte luzez pilatutako esperientziarik eta, hori kontuan hartuta, ez du uste jokalari titular bezala aukeratuko dutenik. Dena dela, azpimarratu du kirolaz gozatzea eta esperientzia bizitzea duela helburu. “Lau pilotari gara taldean. Esperientziadunak dira bi eta oso ondo jokatzen dute eta, nire ustez, haiek izango dira titular nagusi. Nik baino eskarmentu handiagoa daukate guztiek eta, errealista izanda, ez dut uste titular gisa jokatzeko aukera handirik izango dudanik. Hala ere, poz handia emango lidake txapelketan jokatzeko aukeraren bat izateak, entrenatzen aritu naizen guztia kantxan erakusteko”.

Uda osoa entrenatzen eman dute Prietok eta haren taldekideek eta, ahal izanez gero, lehen lauren artean sailkatzea gustatuko litzaieke. “Gaizki ez banabil, lehen neurketa irailaren 14an bertan jokatuko dugu, Frantziaren aurka. Aurkari gogorra izango da, dudarik gabe. Irabazten badugu, final-laurdenetara sailkatzeko aukerak izango ditugu. Galtzen badugu, ordea, zailagoa izango da txapelketaren azken fasera sailkatzea edo postu on bat eskuratzea”.

Azkenik, Prietok aipatu du partidak Youtuben zuzenean jarraitu ahal izango direla. “Dakidanean, nik neuk bidaliko diet partida ikusteko esteka lagunei eta ezagunei. Ziur nago hemendik ere haien babesa sentituko dugula”.