Maria Trigoren 'It shouldn't rain tomorrow' filmak irabazi du Animadebako sari nagusia

Berriketan 2025ko ira. 8a, 12:44

Animadeba. 2025eko sari banaketa ekitaldia. Argazkia: Animadeba.

'Sulaimani' filmak irabazi du gidoirik onenaren saria, 'Holy Heavêness' lanarentzat izan da epaimahaiaren aipamen berezia eta Zuzendari Berriak Saileko sari nagusia 'The Peel'-ek lortu du.

Nazioarteko lehiaketari dagokion sari banaketarekin eta Ezezez, Putas Amak eta DJ Feten-en kontzertuaren ondotik eman zitzaion amaiera larunbatean (irailak 6) Animadeba animaziozko zinema jaialdiaren XVIII. edizioari. Irailaren 3tik 6ra bitartean Deban ospatu den jaialdiak, beraz, baditu bere irabazleak. 

Kutxa Zurian egindako sari banaketa ekitaldian, bada, Maria Trigo Teixeraren It shoudn't rain tomorrow (Portugal-Alemania, 2024) izan da garaile Sail Ofizialean. Epaimahaiak bereziki goraipatu du zuzendariak "pintzelkada sotil finez" eta "soinu zein irudi bidezko elementu minimoekin" bizitzaren azken etapan barneratzen duela ikuslea.

Honakoa ere gaineratu du epaimahaiak, "bere arrastoa desagertu gabe uzten duten marrazki-trazuek eguneroko ekintza bakoitzaren azken agurra iradokitzen dute", zehaztu dute.

Aipamen berezia, berriz, Farnoosh Abedi-ren, Negah Khzre Fardyardad-en eta Mohammad Ghaffari-ren Holy Heavêness filmak jaso du. "Aita-haurtxo zaharraren metaforaren bidez erakutsitako samurtasun izugarriak hunkitu egin gaitu eta gupida piztu digu", azpimarratu du epaimahaiak. Horrekin batera, lanaren "gordintasun errealista" ere goraipatu dute.

Gidoiaren alorreko aipamen berezia, berriz, Anna Solanas eta Marci Ribaren Mater Benefacta filmarentzat izan da. "Film honen bidez, garbia eta tramankulurik gabekoa den gidoiarekin, eliza katolikoak haurrak lapurtu eta saltzean egindako basakeriaren salaketa egin da", adierazi du epaimahaiak.

Sari banaketako beste garaileetako bat Vinnie Ann Bose izan da. Haren Sulaimani filmak Gidoi onenaren saria eskuratu du. Migrazioaren testuinguruan "identitatearen eta integrazioaren arteko tentsioa" erakusteko modua eskertu du epaimahaiak. Publikoaren saria, azkenik, Evgeniy-en eta Alexander Afonasyev-en Out there lanarentzat izan da. 

Beste sari batzuk

Ohi bezala, beste hainbat sari ere banatu zituzten galan. Besteak beste, Libe Amas Morenoren Ikasle prekario baten amets frustratuak filmak irabazi du aurten euskarazko lan onenaren BERRIA saria.

Zuzendari Berriak sailean, aldiz, Nan Tung Lin-en The Peel nagusitu da. Argumentuaren originaltasuna eta eguneroko esperientziak era poetikoan eraldatzeko duen gaitasuna txalotu ditu epaimahaiak, baita lanaren grafismo eta soinuaren erabilera ere.

Calleen Koh-ren My Wonderful Life filmak ere eskuratu du aipamen berezi bat; zuzendari Berriak Sailean jaso du saria, eta haren "umore garratz eta korrosiboa" aipatu ditu epaimahaiak, "maila batean edo bestean mundu guztia identifikatuta sentitu daitekeen istorio bat kontatzeagatik".