Fisikako doktore eta ikertzaile debarrak Psi-k erakundeak lau urtez behin banatzen dituen Volker Heine sarietako bat eskuratu du Suitzan. Zehazki, ikertzaile ibilbidearen hastapenetan dauden zientzialariei ematen zaien aitorpena jaso du (Early Career Investigator Award).
Sariak banatzeko ekitaldia abuztuaren 28an izan zen, Lausanan (Suitza) egindako VHECI sinposioaren baitan, eta debarra 1.500 euroko diru-ordainaz ere saritu zuten. Beste lau finalistekin lehiatu zen, denak ere nazioarteko unibertsitate entzutetsuetako ikertzaileak. "Oso pozik nago; egia esan, ez nuen espero irabaztea. Finalista izateak berak ere poztu ninduen, izan ere, VHECI sinposioan nire lana aurkezteko eta bertan nire alorreko beste ikerlari eta zientzialari batzuk ezagutzeko sekulako aukera bainuen".
Lafuenteren iritziz, sariak ate ugari irekiko dizkio etorkizunean. “Volker Heine saria, une honetan, gure eremuan prestigio handiena duen aintzatespenetako bat da. Halako sari batek etorkizunean proiektuak eta bekak eskuratzen laguntzen dizu, zure lana kalitatezko zigilu batekin aurkezteko aukera ematen dizulako".
Psi-k erakundeari buruz
Psi-k erakundea materialen zientzia konputazionalaren aurrerapenari eskainitako nazioarteko ikertzaile-sarea da. Bere jarduera, bereziki, materialen konputazio-zientzian teoriak, algoritmoak eta softwareak garatzen dituzten adituen arteko lankidetzan oinarritzen da. Sareak jarduera ugari antolatzen ditu —konferentziak, tailerrak, eskolak, tutorialak eta zientzia-dibulgazio jarduerak—, punta-puntako ezagutza partekatu eta komunitatea indartzeko helburuarekin.
Erakundearen sortzailea Volker Heine zientzialaria izan zen. Heine XX. mendeko zientzialari esanguratsua izan zen, egoera solidoaren teoria eta simulazio atomikoak bezalako eremuetan egindako ekarpenengatik. Bere izena daraman sariak, beraz, zientziaren bikaintasuna eta ikertzaile gazteen ekarpen berritzaileak aitzatesten ditu.
Nor da Jon Lafuente?
Jon Lafuente Bartolome fisikari teorikoa da, eta bere espezializazioa material kristalinoetan gorputz askoren teoria eta metodo konputazional aurreratuak garatzean oinarritzen da. Ibilbide akademiko bikaina du, eta eragin handiko nazioarteko argitalpenak kaleratu ditu, bereziki materialen teoria kuantikoaren eta simulazioen arloan.
Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Texasko Unibertsitatearekin aritu da lankidetzan, doktoretza eta doktoratu ondoko proiektuak garatuz. Gaur egun, irakasle eta ikertzaile lanak uztartzen ditu EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Sailean. Bere ikerketa-ildo nagusiak materialen teoria kuantikoan sakontzea eta simulazio konputazional berritzaileak garatzea dira, betiere oinarrizko zientziaren eta aplikazio teknologikoen arteko zubi-lana eginez.