Ezkabako ihesaren azken etapa egiteko irteera bateratua antolatu dute mendizaleek

Berriketan 2025ko ira. 3a, 11:10

Bertan parte hartzen dutenek 19 kilometro pasatxoko ibilbidea osatu beharko dute igandean (irailak 7). Izena emateko azken eguna bihar (irailak 4) da. 

Ikasturteari hasiera emateko mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak. Antolatzaileek iragarri dutenez, Ezkabako ihesaren azken etapa egiteko aprobetxatuko dute igandean (irailak 7).

Bizkarretatik abiatu eta 19,1 kilometroko ibilaldia egitea proposatu dute antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, mendizaleek 525 metroko desnibel positiboa eta 906 metroko desnibel negatiboa gainditu beharko dituzte Urepelera iritsi bitartean. Tartean, gainera, Tiratun (1.230 metro) menditik ere igaroko dira mendizaleak. "Gutxi gorabehera lau ordu eta erdian egiteko moduko etapa izango da", zehaztu dute.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita eman dezakete izena; horretarako azken eguna osteguna (irailak 4) da. Irteeraren prezioa 15 eurokoa da bazkideentzat, eta 17 eurokoa gainerakoentzat. Beti bezala, autobus zerbitzua ere egongo da; igandean 07:30ean abiatuko da autobusa Arena tabernaren paretik.