Bihartik aurrera animazioaren erdigune izango da Deba

Berriketan 2025ko ira. 2a, 11:23

Animadeba jaialdiaren aurkezpena, atzo, Donostiako San Telmo museoan. Arg.: Animadeba

Bihartik larunbatera bitarte egingo dute hemezortzigarren Animadeba jaialdia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 1.410 film labur jaso dituzte eta horietatik hogei lehiatuko dira. Aurtengo gonbidatu berezia Michael Dudok de Wit izango da.

Aurtengo Animadeba jaialdiaren aurkezpena atzo goizean (irailak 1) egin zuten, Donostiako San Telmo museoan. Bertan nabarmendu zutenez, Deba animazioaren erdigune bilakatuko da irailaren 3tik 6ra bitartean, beste urte batez, "publikoaren eta industriaren arteko elkargune bihurtuz". Eta, gainera, aurtengo jaialdia berezia izango dela aipatu zuten, Animadebak hemezortzigarren aldia izango du eta.

Programazioaren barruan nazioarteko film labur lehiaketa eta haur zein helduentzako film luzeak nabarmentzen dira. Horrez gain, industriari begira, beste urte batez, Animadeba Lab laborategia antolatu dute, Work In Progress, Case study (bideojokoen kasu azterketa), solasaldi eta tailerrez osatua. Aurten, halaber, bideojokoak probatzeko aukera ere izango da jaialdiaren gunean bertan.

Paraleloan kontzertu, ikuskizun eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da; besteak beste, 18 urteak ospatzeko urtebetetze festa ospatuko dute Ezezez, Putas Amak eta Dj Fetenekin batera.

Michael Dudok de Witek jasoko du ohorezko saria

Aurtengo gonbidatu berezia Michael Dudok de Wit izango da. Antolatzaileek gogorarazi bezala, "animazioaren maisuetako bat da, bere estilo poetiko eta liriko bereizgarriagatik ezaguna". Londresen ikasi zuen (West Surrey College of Art and Design) eta bertan garatu zuen bere ibilbide artistikoa. Father and Daughter (2000) film laburrarekin lortu zuen osperik handiena zinemagileak. Film horrekin Oscar saria, BAFTA eta Annecyko sari nagusia eskuratu zituen. Debako zinemaldiak hari emango dio aurtengo ohorezko saria.

Bestalde, aurten, bigarren aldiz, EITB gala ospatuko dute ostiral gauean (irailak 5, 22:00etan). Euskal Herriko animaziozko zinema ikusarazi eta saritzeko sortu zen EITB Saria, eta aurtengoa Begoña Vicario zinemagile bilbotarrari emango diote, bere ibilbide oparoa eta animazioaren alde egindako lana aitortuz. Ekitaldiaren baitan, Vicarioren hainbat film labur eskainiko dituzte, "haren unibertso sortzailean murgiltzeko aukera paregabea emanez". Gaua Sara Azurza musikariaren kontzertuarekin borobilduko dute.

Nazioarteko film laburren lehiaketa

Atzoko agerraldian azaldu zutenez, aurten 1.410 lan jaso dituzte eta horietatik hautatutako 20 lanek hartuko dute parte lehiaketan. Hamar Sail Ofizialean arituko dira lehian, beste hamar EHU Zuzendari Berriak sailean, eta gainerako hamabiak Panorama sailean emango dituzte, lehiaz kanpo. 

[EGITARAU OSOA HEMEN IKUSGAI]