Zabalik da Nesken Binakako XIII. Pala Txapelketan izena emateko epea

Berriketan 2025ko ira. 2a, 10:35

Gaur (irailak 2) hasi eta irailaren 14ra bitarte egongo da zabalik izen-ematea. 16 urtetik gorako emakume palistentzat egin dute deialdia.

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak gaur (irailak 2) zabaldu du Nesken Binakako XIII. Pala Txapelketan izena emateko epea. 16 urtetik gorako palistentzat egin dute deialdia, eta klubetik jakinarazi dutenez, irailaren 14ra bitarte egongo da zabalik izena emateko epea. Azken urteotan bezala, bi maila egongo dira aukeran: 1. maila eta 2. maila.

Interesa dutenek 685 75 50 74 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute, eta 30 euroko kuota ordaindu bikoteko.  Izena ematerakoan, gainera, bikote bakoitzak zein mailatan lehiatu nahi duen ere zehaztu beharko du. Hori bai, ohartarazi dute bikote orekatuak osatze aldera, horiek ezingo direla bi palista federatuz osatuta egon.

Urrian abiatuko da txapelketa eta abenduan erabakiko dira aurtengo txapeldunak. Zehaztu dutenez, neurketa guztiak Aldats pilotalekuan jokatuko dituzte, ostegunetan eta igandetan. Dena den, azaldu dute guztia antolatu ondoren, aurrerago emango dituztela txapelketari eta egutegiari buruzko xehetasunak. 

Boluntarioen bilera

Bestalde, aurten hitzordua aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela ere jakinarazi du kirol klubak. Eta horien lana zertan datzan azaltzeko bilera antolatu dute. Irailaren 18an izango da hitzordua, 19:00etan, Oskarbi tabernan. Laguntzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte bertara.