Aurkeztu dute San Roke festetako egitaraua

Berriketan 2025ko uzt. 30a, 14:24

Debako Udalak prest dauka abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko diren jaien programa. Gaur eguerdian aurkeztu dute egitaraua eta dagoeneko eskuragarri dago Turismo Bulegoan, baita Internet bidez ere (HEMEN).

Debako Udalak jendaurrean aurkeztu du gaur (uztailak 30) aurtengo jaietarako antolatutako egitaraua. 

Desenkajonamendua egingo dute abuztuaren 13an (18:00etan), baina festak abuztuaren 14an abiatuko dira ofizialki, 18:00etan, ohiko txupinazoaren jaurtiketarekin. Gaurko agerraldian gogorarazi bezala, aurten Manolo Pascualek botako du txupinazoa, 25 urte betetzen baititu danbor nagusi gisa Debako danborradan. "Keinu honek bere dedikazioa eta udalerriko tradiziorik maite eta errotuenetako bati egindako ekarpena aitortzen ditu", azpimarratu dute. Ondoren, musika bandak, txistulariek, Lizarrako gaiteroek, erraldoiek eta buruhandiek girotuko dituzte herriko kaleak eta eguna amaitzeko danborrada eta lehenengo erromeria egingo dira; azken hau Zumardiko karpan, Mugi Panderoaren eskutik.

Abuztuaren 15ean, berriz, Umeen Eguna izango da, bereziki haientzako antolatutako jarduera bereziekin. Besteak beste, haurrentzako entzierroa, jolasak, danborrada, playback lehiaketa... izango dira aukeran. Eguna amaitzeko, Larru Beltzak eta Brigade Loco taldeen kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera zumardiko karpan.

Hilaren 16an ospatuko da San Roke eguna. Ohi bezala, entzierroarekin hasiko da eguna eta San Roke ermitaraino egingo den prozesioarekin jarraituko du festak. Arratsaldean, besteak beste, zezenketa izango da eta gauean su artifizialen ikuskizuna eta mariatxien emanaldia izango dira.

Mariñel Eguna izango da abuztuaren 17an: herri bazkaria, kuadrillen arteko jolasak, gaitero eta txarangen kalejira, elektrotxarangak eta Larrain dantza izango dira gauerdian; eta, amaitzeko, Txopet eta Lukiek taldeen kontzertuak. Horren aurretik, su artifizialak izango dira berriz ere hondartzan, 23:00etatik aurrera.

Abuztuaren 18an amaituko dira jaiak, ohiko entzierroarekin eta azken zezenketarekin. Horrez gain, haurrentzako jolasak, herri kirolak, txarangak, erraldoi eta buruhandien agurra eta danborrada izango dira aukeran.

Programa osoa Turismo Bulegoan dago eskuragarri, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Programa handiek euro bateko kostua dute eta doako esku-programa bat dute opari.

Hemen duzue ikusgai udalak iragarritako egitaraua.