Abuztuaren 1ean izango da urteko hirugarren odol emate saioa

Berriketan 2025ko uzt. 29a, 09:35

Ohi bezala, arratsaldez egingo da ateraldia, eta aurrez izena eman beharko da.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du ostiralerako (abuztuak 1). Urteko hirugarren saioa izango da, eta beti bezala Luzaro ikastetxean egingo da. Antolatzaileek herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.

Osasun arloko profesionalek 16:30etik 20:30era bitartean egingo dute ateraldia. Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek bi aukera dituzte horretarako:

Batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eska daiteke txanda; gogorarazi dutenez, asteazkenera arte (uztailak 30) egongo da hitzordua erreserbatzeko aukera hori zabalik. Nahiago duenak, berriz, 623 91 23 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali dezake txanda eskatzeko; osteguna (uztailak 31) da horretarako azken eguna.

Odol Emaileen Elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko.